LABek kategoria horietako hainbat probatan irregulartasunak gertatu direnaren salaketak jaso ditu. Hauetan azpimarratu egiten da azterketetan filtrazioak gertatu direnaren ideia.
Fakultatibo batzuek esandakoaren arabera, irregulartasun hauek ez lirateke puntualak izango, fakultatibo espezialisten EPEetan maiztasunez gertatzen omen direlako eta batzuetan “euren nagusi edo zerbitzu buruek aukeratzen dituzten hautagaiek” soilik ateratzen dute plaza. Ez da lehenengo aldia halako informazioak heltzen zaizkigula.
Salaketa hauen larritasuna kontuan harturik, LABek EPE honetako emaitzen eta proben inguruko informazioa jaso du. Beste gauzen artean, hainbat kategoriatako bigarren probetan ez da erabili “pliken sistema” (edo behintzat ez modu publikoan). Aipaturiko sistema da Osakidetzak proposatzen duena EPE prozesurako protokoloan, eta helburu argia dauka: anonimotasuna eta azterketen zuzenketa inpartziala bermatzea, ezin delako jakin noren azterketa zuzentzen ari den. Harrigarria da pliken sistema hau kategoria batzuetan erabiltzea eta beste batzuetan ez, eta ez dela jarraitu irizpide bera proba guztietan.
Bestaldetik, azterketen emaitzen grafikoak eta estatistikak aztertu eta gero, kategoria batzuetan agertzen diren datuak oso susmagarriak dira eta filtrazioak gertatu direla adierazi lezakete.
Gaiaren larritasunak Osakidetza zein Osasun Sailaren aldetik berehalako argipena eskatzen du. LAB, bere aldetik, Osakidetzako Zuzendaritzari urgentziazko bilera eskatu dio jada, gertatu denaren gaineko azalpenak jasotzeko eta azterketak prestatu eta zuzentzeko protokolo berria eskatzeko. Era berean, uste dugu Darpon kontseilariak azalpenak eman behar dituela Legebiltzarrean. Gainera, balizko irregulartasunak gertatu diren proben inpugnazioa eskatu dugu.