Ekainaren 4, 5 eta 6an egingo dituzte lanuzte berriak, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta.
Garbialdi enpresako langileen oharra:
Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileak grebako lehen egunean ohartarazi genuen: grebekin jarraituko genuela Garbialdi edo Aldundiaren aldetik jarrera aldaketarik atzematen ez bagenuen. Eta atzo deialdiarekin aurrera egitea erabaki genuen.
Hiru greba egun hauetako (maiatzak 28, 29 eta 30) jarraipena oso altua izan da, eta zentzu horretan, pozik gaude. Garrantzia handia duten eraikinetako langileek, hala Batzar Nagusiak edo Ugaskoko bulegoetakoak %100ean babestu dute deialdia. Beste batzuetan ere, Jauregi Foralean edo Ogasun Sailean adibidez, %75ekoa baino altuagoa izan da grebaren jarraipena.
Egun hauetako protestetan parte hartu duten langile askorentzat bere bizitzako lehenbiziko greba izan da hau. Baina egoerak ez du irtenbide desberdinik aurreikusten: lan-zamen eta frekuentzien etengabeko areagotzea, lanaldi murrizketak, 20 lanposturen amortizazioa eta 2010etik izozturik dauden soldatak. Egoera eutsiezina da eta Garbialdik %0,3ko igoerarekin eman nahi dio irtenbidea. Beste hitzetan, 0,14 eurotako soldata igoera eguneroko esplotazio hau jasangarri egiteko.
Eskaintza hau pasa den urteko ekainean egin zuten eta geroztik, ez dira mugitu. Garbildik pobretu egin nahi gaitu eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiarekin ados jarri dela dirudi. Azkenengo hauek zerbitzua pribatizatu zuten lehenengo, eta orain, haien lan-zentroak garbitzen dituzten langileen baldintzen prekarizazioaren aurrean zirkinik ere egin gabe mantentzen dira. Beste alde batera begiratzen dute.
Martxoaren 8an lila koloreko lazuarekin argazkia atera eta etxe barruan, hain feminizatuak dauden sektoreen narriaduran eta esplotazioan lagundu. Hauxe da Aldundiaren benetako aurpegia.
Ekainaren 4, 5 eta 6an grebara irtengo gara berriro. Harrotasun eta duintasunez kargaturik lanbasak kalera aterako ditugu. Entzun gaitzatela exijitzen dugu. Eta egun hauetan oihukatu dugun bezala ozen baino ozenago oihukatuko dugu ez garela ikustezinak.