Etxebizitza eskuratzeko ezintasuna lehen mailako arazo bilakatu da, prezioen etengabeko igoerarekin batera. LABen, eskubidea erreala izan dadin, etxebizitzaren negozioa eten behar dela aldarrikatzen dugu.
Larunbat honetan, hainbat etxebizitza sindikatuk deituta eta hamarnaka eragile sozial eta sindikalen babesarekin, etxebizitzaren negozioaren aurka mobilizatuko gara Bilbon. Izan ere, etxebizitza problematika gisa izendatu den hori, langileria pobretzeko eremu bilakatu da azken urte luzeetan.
Larrialdi betean gaudela agerikoa da. Etxebizitza duinerako sarbidea bermatu ezinik, gutxi batzuen poltsikoak betetzen ari dira, eskubidea izan beharko lukeenarekin negozioa egiten dutelako. Banketxeak, putre funtsak eta errentistak langileon bizitzak pobretzen ari dira. Horrela, langileok lantokiko patronalari aurre egin behar diogu lehenik eta higiezin patronalari ondoren.
Bada Euskal Herriko egoera beste toki batzuekin alderatuta hain okerra ez dela esanda lasaitzen denik. Eredu omen gara Denis Itxaso sailburuarentzat edo Txibiteren Gobernuarentzat. Esaten ez digutena da Gobernuek hamarkadetan hartutako neurriek etxebizitzaren negozioa elikatzen jarraitzeko hartu direla, etxebizitzak alokairuan jartzeko pizgarri eta prezioak puzteko baliatzen diren maizterrei emandako laguntza zuzenetatik hasi, erosketa saritzen duten abal eta sistema fiskaletatik segi eta eta parke publikoa handitzeko eraikuntza hutsean, ezaguna zaigun elkarlan publiko-pribatuan eta etxebizitza publikoa salerosketan – ez alokairuan – eskaintzera bideraturiko politikak. Merkatuan esku hartzea zalantzan jartzen dutenek edota aho txikiarekin defendatzen dutenek jakin badakite etxebizitza merkatua zeharo interbenituta eta diru publikoz hornituta dagoela; baina beti etxejabeei interesen alde. Hau aldatzeko ordua da. Ez badiogu aurre egiten joerek jango gaituzte eta egoerak okerrera egingo du.
Horregatik LABek larunbat honetan deitutako mobilizazioarekin bat egin eta etxebizitzaren arazoa antolatzeko eremu bilakatzeko lan egingo duela adierazi nahi du, bai euskal langileontzat tresna sindikal eraginkorrak eskainiz bai eta aliantza zabal eta anitzen aldeko apustua eginez. Ipar Euskal Herrian eraikitako artikulazioa eredu izan daiteke Hego Euskal Herrian ere. Larunbatekoa izan dadila olatu zabal baten hasiera beraz.
Norabide horretan ekarpena egiteko, LABek duela hilabete luzeak abiaturiko “Negozioa Eten” kanpainari segida emango dio eta urgentziazko neurrien inguruan langileak antolatzeko deia egiten du. Merkatuan esku hartu eta sindikatu honen ustez hurrengoak dira egungo egoera iraultzen hasteko urgentziazko neurri hauek proposatzen ditugu:
• Etxebizitza prezio guztiak %50 jaistea. Egun dauden tresnak -ez nahikoak izanda ere- berehala erabiltzea prezio igoerak mugatzeko eta neurri berriak hartu prezioak jaitsiarazteko.
• Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoera. Euskal Herriko errealitateari egokituta.
• Alokairu publiko eta sozialaren aldeko apustu irmoa. Etxebizitza eskubide gisa bermatzeko gaitasunak handitzeko helburuarekin, zerbitzu publiko-komunitarioaren zerumugari so. Baliabide publikoak nagusiki honetara bideratu eta ez esku pribatuak betetzera, kontrol mekanismo oso urriekin. Eraikitzea ez ezik, erabilera antisoziala duten etxebizitzak mobilizatzea.
• Pisu turistikoak debekatzea eta oro har etxebizitza parkean bizitzea ez diren erabilerak mugatzea. Etxebizitzak bizitzeko dira.
• Etxebizitzen erosketa oro bertan bizitzeko dela bermatzeko neurriak.
• Etxebizitzetan bizi diren pertsonen eskubideak lehenetsi eta efektiboki babestu. Etxegabetzeak eten. Maizterren eta hipotekatuen eskubideak babestu ezegonkortasun, prezio igoera eta abusuen aurrean. Egoera zaurgarrian dauden bizilagunen beharrei erantzuteko baliabide publikoak indartu.
• Neurri hauek gauzatzeko ere, erreforma fiskala.