2024-12-12
HomeEkintza SindikalaArabako Zurgintzaren Industrian negoziatzea eskatu diogu SEAri

Arabako Zurgintzaren Industrian negoziatzea eskatu diogu SEAri

Gaur, abenduaren 10ean, Arabako Zurgintzaren Industriaren sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuokin batera Gasteizen, SEAren egoitzaren aurrean, patronala negoziazio mahaian esertzeko eta bere plataformak jasotzen dituen edukiak berrikustea eskatzeko.

Negoziazioa urte hasieran hasi zen, eta bi bilera egin ondoren geldiarazi zuten. Lehenengoan, sindikatuek beren plataforma aurkeztu zuten; eta bigarrenean, patronalak berea ekarri zuen. Eta harrezkero, ezer ez. SEAk bertan behera utzi zituen hurrengoak. Gogoratu behar dugu SEAk 2024. eta 2025. urteetarako soldatak izoztea proposatzen duela, funtsezko hobekuntza gehigarririk jaso gabe.

Patronalaren aitzakia da aurreko hitzarmenean jasotako soldata-eguneratzea gogorra izan dela. Ez dugu aitzakia hori onartzen, enpresek bazekitelako zer zegoen sinatuta eta hiru urte izan dituztelako igoerak egiteko eta erregulazioa moderatuagoa izateko. Baina langile guztien artean sortzen dugun aberastasuna banatu beharrean, nahiago izan dute azkenera arte beraientzat gorde. Orain arazoa da berau banatzea.

Ez dugu onartzen sektorearen onurarako lan egiten duten pertsonen baldintzak prekarizatzea. Erosahalmena bermatuta geratu behar da.

Horregatik, sektoreko 300 sinadura baino gehiago bildu ditugu, sektorearen gehiengoa ordezkatzen dutenak, patronalari eskatzeko bere plataforma berrikus dezala eta negoziazio mahaira dei dezala, edukiekin. Hori egin ezean, sindikatu deitzaileok protesta gehiago egitea aztertuko dugu sektorea mobilizatzen jarraitzeko, aukerarik baztertu gabe.

Arabako Zurgintzaren Industrian, negoziazioa orain!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aurrerapenak badituzte ere, Arabakoak ez dira zaintzako langileek behar dituzten aurrekontuak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileok langile publikoak gara. Guztiz beharrezkoa den zerbitzu publiko bat bermatzen dugu. EAJk duela hamarkadak erabaki zuen lan hauei erantzungo zion eredua hiru zutabe izango zituela: merkantilizazioa, pribatizazioa eta prekaritatea.

Zornotzako Salvesen Logisticako langileak zoriondu nahi ditugu euren lan-baldintzak hobetzen dituen enpresa-ituna lortzeagatik

Langileek kontzentrazioak eta grebak egin dituzte, eta saltoki handien hitzarmen estataleko hainbat atal nabarmen hobetzen dituen enpresa-ituna lortu dute.

Osasunbideko langileak haserre daude Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean benetan haserre daudela eta haren aurkako iritzia dutela. Izan ere, arau horretan planteatzen da Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea, Departamentuari atxikitako erakunde autonomo izateari uzteko eta enpresa-erakunde publiko bihurtzeko (hau da, titulartasun publikoko erakunde bat, langileei zuzenbide pribatua aplikatzen diena).