LAB sindikatuak 50 urte bete ditu aurten, eta urte osoan hainbat momentu izan ditugu, LAB Zabaltzen lelopean, urteurrena ospatu, nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen mende erdi egin dugula gogoratu, eta, aldi berean, etorkizunera begira bide horretan jarraitzeko konprmisoa berritzeko.
Zalantzarik gabe, sindikatuaren urteurrenaren karietara Iñaki Alforja zinemagileak sortutako Eskuz esku LAB zabaltzen dokumentalaren estreinaldia izan da urteurreneko momentu gogoangarrienetako bat. Azken 50 urteetan LABek izan duen bilakaera jasotzen du ikus-entzunezko lanak, eta, horrekin batera, sindikatuaren oinarrizko balioek euskal panorama sindikalean izan duten eragina erakusten du. Halaber, euskal langile mugimenduarentzat mugarri izan diren zenbait une eta horietan sindikatuak egindako lana erakusten ditu: Martxoaren 3a, Euskaldunako borroka, sindikalismo feministaren garapena, Nafarroako aldaketa politikoa…
Iragan udaberrian eskualdez eskualde dokumentala aurkeztu zuen LABek, eta orain edonorentzat ikusgai dago, sindikatuaren Youtubeko kanalean.