Gaur EAEko langile publikoen mahai orokorraren bilera izan da, eta Jaurlaritza berriak lehengo lepotik du burua, gurpil zoroan mantentzen gaitu langile publikoak. Negoziazio kolektiboa fondoan eta forman ukatzen jarraitzen du eta Madrilen ezarritako soldata mugak txintik esan gabe onartu.
Negoziazio kolektiboari uko egiten dio, gehiengoen adostasunari uko egiten diolako; soldaten negoziazioari ere uko egiten dio, gaia itxitzat emanez, eta aurrekontuen proiektua onartu aurretik egin beharreko bilerarik ere ez da egin. Gainontzeko gaiak ere gaur bertan sinatu nahi izan ditu, negoziatu gabe. Hitza baino, ekintzak baloratzen ditu LABek.
Ohiko legearen errespetua delakoa aitzaki hartuta, aurten ere Madrilek inposatuko duen soldata muga zainduko duela aurreratu du Jaurlaritzak. LABen iritziz, Madrilek birjartze tasan zein soldata igoeran ezartzen dituen tasak, inposizioak ez ezik, onargarriak ere ez dira ikuspegi legal batetik. Kontua da aurrekontu orokorretan halako mugak soilik salbuespen egoeretan ezar daitezkeela, eta 2008ko krisialdiaz geroztik hartu dela ohitura, aurretik ez baitzegoen halako mugarik. Eusko Jaurlaritzak beste gai batzuekin (etxebizitza, zergak…) autogobernuaren eta eskumenen defentsan Madrili aurre egiten dion bezala, langile publikoen lan baldintzen alde ere egin dezan eskatzen diogu. Ez dugu morrontza hau ulertzen.
Erretiro txanda kontratuaren gaia, esan bezala, itxita ekarri du, eta urteroko proposamen bera ekarri du mahaira. Ez da halakorik beste inon ikusten: lan hitzarmen bat sinatu eta gero, gai bat urtero berritzera ekarri nahi izatea. Eragin eremua lan-legepeko langile finkoei mugatuta, ez die beste kolektibo guztiei, funtzionarioei eta behin-behineko langileei ireki nahi. Oraingoz sindikatu bakar batek ere onartu ez duenez, urtero bezala, gaia itxi gabe gelditu da.
LAB sindikatuari argi gelditu zaio legegintzaldi hau ere alferrik igaroko dela Jaurlaritzaren borondatearen esku utziz gero. Bilera antzuen egutegi bat zehaztuko da, baina aurrerapenik ez da egingo, langileok mobilizatzen ez bagara. Iaz gehiengo sindikalak adostutako aldarrikapen zerrendak erantzunik jaso gabe jarraitzen du, eta LABek horien alde borrokan jarraituko du, eta laster mobilizazioak deituko ditu.