2024-11-23
HomeIndustriaEraikuntzaAdegik ez du bermatzen hitzarmena betetzea; greba beharrezkoa da Adegi mugitzeko

Adegik ez du bermatzen hitzarmena betetzea; greba beharrezkoa da Adegi mugitzeko

Sindikatu guztiek apustu garrantzitsua egina dugu Gipuzkoako Eraikuntza sektoreko negoziazio honek hitzarmenaren aplikazioan jauzi bat emateko.

Gaurkoan Adegik LAB eta ELAk egindako proposamen bateratuari erantzun dio, hitzarmenaren betetzea hobetzeko neurriak jasotzen zituena. Bere erantzuna, gure proposamena edukiz hustutzea izan da, ez betetzeak eragozteko neurri guztiei ezezkoa eman baitie, ordu estren kontrola eta desagertzea, lan egutegia, obra publikoan langileen sarrera- irtereetan kontrol neurriak ezartzea, lan parteak derrigorrezkoak izatea eta prebentzio bitartekoen formakuntza. Neurri hauek ez dute inolako kostu gehigarririk suposatzen enpresentzat.

Gainera, Adegik ez du nahi hitzarmena betetzeko berme batzordeak obretan bisitak egitea informazioa eskuratzeko, eta ondorioz, kasu askotan ezinezkoa izango da hitzarmenaren ez betetzea frogatzea. Komisio horretara agertzen ez diren enpresei edota dokumentazioa aurkezten ez dutenei kontratuak etetea ere ez du onartzen, komisioaren beraren eraginkortasuna kolokan ezarriz.

Bere proposamenak, aurreko bileran esan zuen moduan legeak ezartzen duen kontu bat soilik onartzen du: Batzordeak egiaztatzen badu azpikontrata batek ez duela langileen soldata ordaindu, enpresa nagusiak soldata horiek ordaindu beharko ditu. Baina hitzarmena bera lege beharko luke eraikuntzako sektorean, eta Adegik ez du bere aplikazioan urratsik eman nahi.

Beste edukiei dagokienean, Adegik ez du mugimendurik egin, %0,4ko soldata igoera gehigarria besterik ez.

Negoziazio mahaia agortua dagoela iruditzen zaigu, eta edukietan, eta hitzarmenaren aplikazioan urratsak emateko tresna eraginkorrak lortzeko mobilizazioetara jo behar dugu.

LAB eta ELAk proposamen bateratu bat aurkeztua dugu, eta adostasuna dugu grebak egitearen inguruan. Hau da akordioa hobetzeko eta hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko urratsak emateko. Gure proposamen bateratua defendatu behar dugu. Defendatu, determinazio osoarekin. Orain arte emaitzak lortu ditu. Aukerak ditugu. Patronalari eskatzen diogunak ez du kostu ekonomikorik enpresentzat, hitzarmena betetzen badute. Grebaren garaia da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.