2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaBeharrezko ikusten ditugu konpromiso sendoak Erandioko Cables y Alambres Especiales enpresan Vicinay...

Beharrezko ikusten ditugu konpromiso sendoak Erandioko Cables y Alambres Especiales enpresan Vicinay Taldearen aldetik

Konpromisoak behar dira proiektu industrialaren aldeko benetako apustua egiteko, enpleguari eusteko eta segurtasun baldintza duinak lortzeko.

Erandioko Cables y Alambres Especiales S.A. enpresako langileak aspalditik bizitzen ari diren egoera larria salatzen dute LAB eta ELAk.

Inbertsio nahikoen faltak eragiten du langileek oso baldintza prekarioetan egin behar izatea euren lana, instalazioen eta makinen egoera nergarriak modu zuzenean eragiten baitie langileen osasun eta bizitzari. Aurten 25 lan-istripu izan dira, pasa den irailean lanean hil zen langilea ahaztu barik. Honi gehitu behar zaio iaztik hona etengabeko atzerapenekin ordaintzen dizkietela nominak.

2015eko martxoan erosi zuen Vicinay taldeak enpresa hau, eta erosketarekin batera 10 milioi eurotako inbertsioa iragarri zuten, 40 kontratazio berri eta produkzioaren %70eko igoera erosketa ondorengo 5 urteetarako.

Hala ere, orain arte egindako inbertsioa oso urruti dago aipatutako kopurutik eta edozein kasutan ez dator beharrizan urgenteneekin bat. ABLE bidez egiten dira kontratazioak eta nahi da produkzioa handitzea zaharkituta geratu diren makina batzuekin eta nahikoa ez den langile taldearekin. Zentzu honetan, langileen apustu tinkoa egiten dute proiektu industrialaren alde ahalegin itzelak eginez, segurtasun aldetiko baldintza txarrak gorabehera, inposatzen diete produkzio mailak lortzeko, eta honek ez die bermatzen ezta soldata sasoiz jasotzea ere.

Cables y Alambres Especiales S.A. erosteko operazioa Vicinay taldea, Bizkaiko Foru Aldundia eta enpresako akziodunen arteko akordio baten bidez egin zen.

LAB eta ELAk ulertzen dugu Eusko Jaurlaritza eta Aldundia ikusle hutsak bailiran ari direla jokatzen, euren erantzukizunarekiko utzikeriaz jokatuz. Ez da nahikoa akordioa sustatu eta argazkiak ateratzea, beharrezkoa da ondorengo jarripena akordio hauek bete egiten direla bermatzeko.

Hau nahikoa izango ez balitz, Erandiko HAPOaren aurrerapenak zehazten du itsasadarraren ondoan ez dela enpresa egongo, bere lekuan etxebizitzen eremu bat proposatuz. Vicinay Taldeari konpromisorik exijitu gabe lur industriala urbano bezala errekalifikatzeko arriskuaren aurrean, enpresa-batzordea Erandioko udala eta gainontzeko udal taldeekin hitz egiten hasi da, eta bilera eskatu dio honezkero Vicinay Taldea eta Eusko Jaurlaritzari.

Egoera honetan, guztiz beharrezkoa da tartean dauden alde guztiekin akordio eta konpromiso sendoak lortzea, proiektu industrialaren aldeko benetako apustua lortzeko, 130 langileentzako enpleguari eusteko eta hauentzako laneko segurtasun baldintza duinak lortzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.