LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien Monumentu Frankistaren hainbat zati eraitsi eta “Maravillas Lamberto” interpretazio zentro bihurtzea atzoko eta gaurko faxismoa salatzeko urrats garrantzitsua da. Frankismoaren biktimak duintasunez erreparatzeko eta biktimarioen gorespenarekin bukatzeko ekarpen egiteaz gain, “Maravillas Lamberto” zentroa Euskal Herriko hiriburutik eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadari aurre egiteko akuilu berria izan daiteke.
Bere bokazio antifaxistari jarraiki, memoria demokratikoari langileen ikuspegitik eta kontzientziatik ekarpen egin dio eta egingo dio LABek. Errepresaliatutako sindikalistak eta behartutako lanetan aritutako gatibuak izan ditugu gogoan urte hauetan guztiotan. “Maravillas Lamberto” interpretazio zentroak horiek guztiak aintzat hartu eta erreparatzeko ekarpen egitea espero du LABek.
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, eragile sozial eta sindikalek, bai eta memoria eragileek ere, bakoitzak bere izaeratik eta ikuspegitik, baina guztiok batera lan egin behar dugu erronka hau gauzatzeko: oroimen integrala eta kritikoa sustatzea; iragan frankistarekiko haustura bermatzea; eskuin frankistaren kontakizunaren aurrean, faxismoari eta gerra zaleei espazioak kentzea; eta aurrera begira askatasunari eta justizia sozialari ateak irekitzea.
Ildo honetan, herritarren parte hartzea, gehiengo sozialaren aktibazioa, mundu mailan hedatzen ari den erreakzioaren aurkako antidoto eta prebentzio onena da. Bakearen eta justizia sozialaren aldeko espazio antifaxistak zabaltzeko tresnarik eraginkorrena eta bermerik onena.