EH Bilduk nazio manifestaziora deitu du larunbat honetan, Euskal Herria nazio bat dela eta horren araberako eskubideak dagozkiola aldarrikatzeko. Eskubide horien artean dago, besteak beste, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea; euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea.
Hain zuzen ere, hogeita hamar urte betetzen dira sindikalismo abertzaleak esparru propioaren aldeko manifestazio historikoa egin zuenetik; 25 urte betetzera doaz LAB Ipar Euskal Herrian sortu zenetik. Ordutik hona, Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da, estatuetan egiten den sindikalismoarekiko koordenada desberdinetan. Horri esker, euskal langileek euren lan eta bizi baldintzen defentsarako baldintza berriak eskuratu badituzte ere, egun oraindik Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurik, esparru sozioekonomiko propiorik, esaterako, ez dugu ziurtatuta.
Egungo marko juridiko-politikoak lan harremanen estatalizazioa eta prekarizazioa ahalbidetzen jarraitzen du. 2008ko krisiaren aurreko egoerarekin alderatuta, euskal langile gehiago daude hitzarmen estatalen menpe edota prekaritatearen aurrean babesgabe. Langile publikoen soldatak eta erreposizio tasak ez ditugu bertan erabakitzen; hezkuntzan edo zerga politikan, esaterako, ez dugu burujabetza osorik.
Gauzak horrela, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen esparru propioa ekarriko duen aldaketa politikoa beharrezkoa da; Ipar Euskal Herrian, instituzionalizazioan urrats berriak emanez, Nafarroan eta EAEn Estatus politikoak berrituz. Eztabaida irekia dago eta eztabaida horren parte izan behar dugu langileok, eragile sindikal eta sozialok, eztabaida ezin da alderdi politikoetara mugatu. Aldaketa politiko horren alde egin behar du euskal independentismoak, LABek eremu guztietan: lantokietan, kalean eta instituzioetan.
Irakurketa honetan oinarrituta, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru duen ordezkaritza bidaliko du LABek EH Bilduk deitutako manifestaziora.