LAB, CGT, ELA eta ESK osatutako blokeak Madrilgo Bitartekotza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzura eraman dugu Michelineko langile batzuk 2023ko abenduan jasotako ordainsaria. Prima horrek kanpoan utzi ditu, enpresak emandako jakinarazpenean jasotzen denez, hainbat pertsona eta kolektibo. Hala nola aldi baterako ezintasun-egoeran daudenak, eszedentzia-egoeran daudenak, enpresak aukeratutako egunean enpresan ez dauden aldi baterako langileak, edo bulegoetan lan egiten dutenen kolektiboa.
Ez gaude ados enpresak ezarritako irizpidearekin. Zer gertatzen da urriaren amaierara arte lanean egon diren pertsona horiekin, eta azaroaren 30ean alta emanda ez zeudenak? Enpresan 10 hilabetez lan egin duen aldi baterako langile bati ez al dagokio prima jasotzea? Bajan dauden pertsonei? Edo eszedentzian daudenei, urtearen zati batean lan egin dutenean? Eta “ahalegin kolektiboagatiko” prima ordaindu bada, zergatik utzi bulegoetako langile guztiak kanpoan? Ez al dira haiek ere enpresaren parte?
Goian aipatutako sindikatuok, Michelin España Portugalen lantegi guztiei eragiten dien gaia denez, Bitartekotza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuari (hemengo PRECOaren parekoa) jakinarazi diogu prima errekurritzeko asmoa, Auzitegi Nazionalean judizializatu behar izan aurretik. Hala, Gasteizko lantegiaz gain, Lasarteko (hauek ere parte hartu dute prozesuan), Aranda de Dueroko eta Valladolideko langileei ere eragiten die. Hitzordu hori azaroaren 22an izango da.
Merezi du azpimarratzea Gasteizko lantegian, LABek, CGTek, ELA-k eta ESK-k ez dugula ordezkaritzarik bulegoko langileen artean. Eta geuk eskatu behar izan diogu enpresari langile hauek prima horretatik ez kentzeko. CCOOk, UGTk, CSIFek edo CCMk ez dute gaia planteatu. Beste behin ere, argi geratu da nortzuk dauden plantillaren alde, eta nortzuk norberarentzako hobekuntzak lortu nahian.
Enpresak diskriminatutako kolektibo guztiei dagokien prima jasotzea eta ordaintzea espero dugu, eta gatazka judizializatu beharra saihestea. Ez da onargarria plantillaren zati batek bakarrik jasotzea prima bat guztion artean lortu ditugun emaitzengatik.