Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioaren Enpresa Batzordeak deituta, bertako langileek lanuztea egin dute gaur, 12:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Nafarroako Gobernuak fundazioaren lehenbiziko hitzarmenean sinaturikoa bete dezan eskatzeko, bigarren hitzarmenaren negoziazioak desblokea daitezen eskatzeko eta haien soldatak Administraziokoekin parekatzea eskatzeko. Azaroaren 26an greba eginen dute.
Lehenik eta behin, Gizaingo Enpresa Batzordeak –LABeko 9 ordezkarik, ELAko 2k eta CCOOko 2k osatua– salatu nahi du Nafarroako Gobernua ez dela betetzen ari fundazioaren 6.3 artikulua, hauxe dioena: “2023ko urtarriletik aurrera, FGko langileen ordainsariak, oinarrizko soldataren eta lanpostu-osagarriaren kontzeptuak batuta, FNTPAkoekin (FUNDAPA) parekatuko dira, eta hitzarmena ultraaktibitatean dagoen aldian, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileei oro har aplikatzen zaien soldata-igoera aplikatuko da”.
Gobernuak artikulu hori bete izan balu, 2023an Gizaingo langileek Administrazioko soldataren %93ko soldata izanen zuketen. Baina ez zuen bete, eta 2024an langile publiko guztiei aplikatu beharreko %2ko igoera egin zuen %93tik behera zegoen soldatari aplikatuta.
Gizaingo langileen ordezkariek bilerak egin dituzte Nafarroako Parlamentuan dauden talde politiko ezberdinekin, eta gehienek Gizain Fundazioaren I. Hitzarmena osorik betetzearen eta aplikatzearen alde agertu ziren. Baina 2025eko Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko unea ailegatu zelarik, borondate politiko gutxi erakutsi zuten administrazioko langileekiko soldata arrakala murrizteko, eta are gutxiago langileen eskubideak errespetatzeko eta indarrean dagoen hitzarmena aplikatzeko.
Bigarrenik, Enpresa Batzordeak II. hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera salatu nahi du. Batzordearen iritziz, zuzendari gerenteak jarrera immobilista hartu du negoziazioa 2023ko martxoan hasi zenetik oztopoak jarrita, eta hitzarmena ultraaktibitatean dago 2024ko urtarriletik.
Hori guztia dela eta, Enpresa Batzordeak lanuzterako deia egin zuen gaurko, eta greba egunerako deia azaroaren 26rako. Gaur, lanuzteaz gain, Gizaingo langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, PAGNA pertsonen autonomiarako eta garapenerako Nafarroako agentziaren aitzinean. Azaroaren 26an elkarretaratzea eginen dute 09:30ean Gurbindo Etxearen ondoan (Arantzadi); 12:00etan manifestazioan joanen dira Gizaingo bulegoetatik Nafarroako Jauregiraino, eta 18:00etan bertze manifestazio bat eginen dute San Jose plazatik Sarasate pasealekuko PSNren egoitzaraino.