Azaroaren 28an Osakidetzako hauteskundeetan LAB bozkatzea osasun sistema publiko sendo eta duin baten alde egitea izango da. Hala adierazi dute sindikatuko ordezkariek Bilbon egindako agerraldian.
Langileen lan baldintzak hobetzeko, azken urteetako politika neoliberal eta klientelarrak salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzeko hainbat ekimen jarri ditu martxan LABek. Lehenik, LEPetako iruzurra epaitegietan salatu du eta sindikatuekin adostua izango den eredu berri bat exijitu du. Bigarrenik, pribatizazio eta kanporatze prozesuak salatu eta geratu ditu, 194.000.000 euroko balioa dutenak orotara (azkenak, Arabako ESIko arreta episodioen kodetze zerbitzua eta Osakidetzaren komunikazio, lankidetza, prestakuntza eta web osagaien soluzioen zerbitzuak). Hirugarrenik, kontratuen esleipen irregularrak salatu ditu. Eta, azkenik, langileen eguneroko arazoei erantzun die.
Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak adierazi du Osakidetzak eraldaketa sakona behar duela: “Orain arteko politikak alboratu eta osasun sistema publikoaren aldeko apustu politiko argia behar da”.
LABek, Osakidetzan, langileen lan baldintzak hobetzeko eta eredua hobetzeko hainbat iniziatiba hartu ditu, ekintza sindikalean, lantokietan eta kalean mobilizatuz eta mahaietan eraginez.
LABen eraldaketarako ekintza sindikal konprometitua
1. Pribatizazio eta kontzertazio politikak alboratzeko ekintza sindikala: pribatizazioa eta kontzertazioa osasun sistema publikoa ahultzen eta defentsarik gabe uzten ari dira. Ez dira kudeaketan gertatzen diren hutsuneak, erabaki politiko argiak baizik; EAJren gobernuak enpresa pribatuen negozioen mesedetan hartzen dituen erabaki politikoak.
LABentzat lehentasunezkoa da politika neoliberal eta klientelarrak aldatzea. Lehentasunezkoa da publikoa defendatzea. Horregatik:
- Pribatizazioak geratzen ari gara: Osakidetzak bere pertsonalarekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen ditu. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira. Tantaz tanta egiten ari den pribatizazio isila da hau. Jarraipen estua egiten diogu eta hainbat salaketa sartu ditugu, bai hainbat pribatizazio geratzea lortu ere.
- Kontzertazioa ez da soluzioa: lehen arretan hitzordua lortzeko zailtasunak eta ebakuntza edo espezialistaren osasun arreta jasotzeko eta artatua izateko dauden itxaron zerrenda luzeak izan ohi dira zerbitzuen ituntzea justifikatzeko edo aparteko orduak ezartzeko erabiltzen diren arrazoiak. Guk argi dugu hori ezin dela soluzio iraunkorra izan, eta langile publikoen kopurua eta publikoaren zerbitzu eskaintza handitu behar direla.
Azken urteetako politika desegokiek Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu dute. Publikoak ez duela behar bezala funtzionatzen eta pribatua beharrezkoa delako ideia zalbaltzen ari da. Horrek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea. Pribatizaziorako joera horrek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzea eragiten du.
EAJk aseguru pribatuak defendatzen ditu eta berriki ikusi dugu Aitor Esteban horientzat onura fiskalak mantentzea defendatzen. Osasun sistema publikoari lan karga kentzen diotela argudiatu du. Modu horretan, EAJk publiko-pribatu harremana nola ulertzen duen erakutsi du: publikoa geroz eta gehiago murriztu eta diru publikoarekin pribatuan negozioak egin,.Kasu askotan, gainera, alderdiari lotutako enpresak izaten dira onuradunak.
2. Langileekiko politikak aldatzeko eta hobetzeko ekintza sindikala: pribatizazioarekin batera, azken urteetako Osakidetzaren gainbeheraren arrazoi nagusia langileen kudeaketa desegokia izan da. Langile politikak aldatzea eskatzen dugu. Lan kargak aztertzea, plantillak handitzea, egonkortzea eta lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da; ratioen lege berri bat behar da; eta politika feministak behar dira. Izan ere, emakumeek* ardura postuetara iristeko zailtasunak dituzte, eta kontziliazio eta erantzunkidetasun politika egokirik ez dago. Azken batean, dauden Aukera Berdintasun Planak ez dira eraginkorrak.
Langile guztiok gara ezinbestekoak. Zerbitzu publiko on bat eskaintzeko guztion lana (medikuak, erizainak, zeladoreak, garbitzaileak, administrariak…) beharrezkoa da, eta guztien defentsa ezinbestekoa. Hori da LABen konpromisoa.
Kolektibo bakoitzak eskaera eta behar propioak ditu, eta aintzat hartu behar dira, baina beti ikuspegi kolektiboa zainduz. Konpartimentazioak zatitu eta ahuldu egiten gaitu Osakidetzako zuzendaritzaren aurrean. Azken urteetako negoziazio prozesuek hori oso argi utzi dute, Osakidetzak eremukako negoziazioak bultzatu eta akordioak bilatzen baititu.
Gainera, langile guztien lana balioan ez jartzeak pribatizazio prozesuak justifikatzea eta gauzatzea errazten du eta hori zerbitzu publikoaren eta, beraz, langile guztion kaltetan izaten da.
3. Euskalduntzearen aldeko jarrera argia: Osakidetza euskalduntzeko plana eskatzen dugu. Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da, eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea.
Eraldaketarako, eremu guztietan borrokatu: lantokietan, kalean eta mahaietan
Ez da nahikoa proposamen eraldatzaileak egitearekin; proposamen horien aldeko indarrak bildu behar ditugu. Indarrak bildu dinamika sindikal eta sozialak hauspotuz eta indar hori baliatu dauden markoetan, Osakidetza hobetzeko eta langileen aldeko neurriak lortzeko. LABetik horretan ari gara, eta horretan jarraituko dugu.
- Greba eta mobilizazioak dira gure bandera. LABeko jendea aktibo bat da. Lantokietan bezala, kalean ere borroka sozialak bultzatzen jarraitu behar dugu. Zentzu horretan, osasun plataformen mobilizazioak babestu ditugu eta babesten jarraituko dugu.
- Osakidetzako Mahai Sektoriala: Osakidetzako Mahai Sektoriala inposizioaren eta aldebakartasunaren mahaia izan da. Ez da negoziazio kolektiborik egon. Gobernu berriari Mahai Sektoriala negoziazio errealerako espazio bilakatzeko eskatzen diogu, eta LABek horretan indar handia jarriko du.
- Osasun Mahaia: Osasun sistema publikoaren inguruko eztabaida faltsuan ez ixteko lanean jarraitzen dugu. Diagnostikoaren fasea amaitu da. Hasierako diagnostikoak hutsune handiak zituen: eredu pribatizatzaile eta klientelarra mantentzen zen, eta egondako ekarpenekin, tartean sindikatu honenak, diagnostiko hori hobetu da: Osasun sistemaz beharrean, osasun sistema publikoaz aritzea lortu dugu; lanen kanporatzearen ondorioak aztertu behar direla jaso da; langile politikari dagokionez, datu batzuk osatzea lortu dugu, bai kontratazio politikaren eta LEP ereduaren berrikuspenaren beharra ere; osasun mentalean edo lehen arretan planteatu ditugun erronka edo hobekuntza batzuen beharra jaso da.
Hala ere, ez da gure diagnostikoa, eta ez dugu bat egiten; ez gaitu asebetetzen: pribatizazio politiken arrazoiak eta ondorioak ez dira jasotzen; ez da argitzen osasun sistema publikoaren zerbitzua titularitate publikotik eta baliabide publikoekin eman behar denik eta ez azpikontratatuz, itunduz edo pribatizatuz; pertsonala dimentsionatzearen beharra edo euskalduntzearen beharra ez dira jasotzen. Garrantzitsuak diren ekarpenak dira, eta, jaso ez direnez, boto partikularra aurkeztu dugu.
Jarraituko dugu mahaian lanean, iraultza hitzez ez, ekintzez egiten delako. Gobernuaren erabakietan ikuspegi kritikoarekin eragiten jarraituko dugu, hobekuntzak lortzen.