2024-11-22
HomeNazioartea IdazkaritzaPalestinaKonponbidea errefuxiatuen eta presoen itzulerarekin eta Palestinaren autodeterminazio eskubidearekin emango da

Konponbidea errefuxiatuen eta presoen itzulerarekin eta Palestinaren autodeterminazio eskubidearekin emango da

Nakbaren 70. urteurrenean hondamendiak jarraitu egiten du Palestinan.

Gaur palestinarrek hondamendia deitzen dioten NAKBA egunaren 70. urteurrena da. Nakba edo palestinar exodoa Palestinako Britainiar Mandatuaren gerra zibilean (1947-1948) eta 1948ko Arabiar-israeldar Gerran zehar gertatu zen 700.000 palestinar baino gehiagok bere etxetik egotzi edo ihes egin zutenean. Gaur egun Nakba horren ondorioz 7 milioi errefuxiatu palestinar daude.

Nakba edo hondamendiaren urteurrena testuinguru triste eta odoltsu batean dator gainera. Martxoan Itzuleraren Martxa Handia hasi zenetik Israelek protestan zeuden ehunkada Palestinar hil ditu, atzoko eguna odoltsuena izan zelarik 59 hildako eta 2.700dik gora zaurituekin.

1948an Israelgo estatua sortu zenetik Palestinako herriaren kolonizazioak ez du etenik, eta atzo, Jerusalemen Estatu Batuek haien enbaxada ireki izana kolonizazio horren legitimazioaren izebergaren punta da. Israelek inpunitate osoz palestinarrei lurrak lapurtzen jarraitzen du, eta palestinarrak haien lurretatik kanporatzeko estrategia horretan berdin zaie zenbat palestinar hil, atzoko egunean ikusi genuen bezala.

Orain denbora gutxi bertatik bertara ikusi ahal izan genuen bezala, egoeraren krudeltasuna eta palestinarren aurkako etengabeko zapalkuntza politiko, ekonomiko eta soziala hitzekin azaltzea zaila egiten den arren, atzo guztiok ikusi genituen Gazako irudiek argi erakusten dute zertaz ari garen hitz egiten.

Gaur egun 7 milioi errefuxiatu Palestinar daude eta 6.119 preso politiko errefuxiatu horietatik 300 baino gehiago haurrak. Bitartean, Israelek Palestinako lurretan kokaleku kolonoak eraikitzen jarraitzen du, palestinarrei lurrak eta errekurtso naturalak lapurtzen eta kolonoak babesteko lurraldea militarizatzen Palestinarrei tiro egiteko inpunitate osoz.

LAB sindikatutik Palestinako langile klaseak pairatzen duen egoera nabarmendu nahiko genuke. Langabezia eta prekarietate tasa altuak, nekazaritza lurren lapurreta, lan baimena lortzeko zailtasunak, Israel barrura lan egitera joateko ordu luzez jasan beharreko “check-point” edo kontrol iraingarriak, lan osasun eza… Hauxe izan zen Palestinako sindikatuek deskribatu ziguten errealitate gordina eta gure begiekin ikusi ahal izan genuena.

Gauzak horrela, LAB sindikatutik Palestinaren okupazioa eta kolonizazioa gaitzesten dugu. Hemendik Palestinaren kontrako biolentzia bukatu dadila exijitzen dugu eta Palestinak pairatzen duen gatazka politikoari irtenbide justu eta demokratikoa bilatzea exijitzen dugu. Gure aldetik, Palestinaren askatasunaren alde borrokan jarraituko dugu, kontziente izanik konponbidea errefuxiatuen eta preso politikoen itzulerarekin eta Palestina historikoaren autodeterminazio eskubidearekin emanen dela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.