2024-11-15
HomeEkintza SindikalaIrunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean

Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dugu Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza hau salatzeko. Azken honekin, gutxienez 54 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

“Prekaritateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lemapean egin dugu mobilizazioa, garraiolaria gogoratu, lan istripua eta heriotza salatu eta heriotza hauek prekaritate eta lan baldintza kaskarren ondorio direla adierazteko.

Langileek erretiro duina izateko eskubidea aldarrikatu dugu, langile ororen adina 60 urtera aurreratu ahal izateko, batez ere ezbeharren bat izateko arriskuan daudenena. Azken urteetako kontrako joera kritikatu dugu: legezko adina eta beharrezko kotizazio-urteak luzatzea, eta erretiroa hartzeko epea atzeratzea.

Garraiolarien kasuan, aldarrikapen historikoa da 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea. Argi dago adin horretatik aurrera arreta gal dezaketela gidatzerakoan, edo arrisku handiagoa dutela gaixotasun kardiobaskularra edo bihotzekoa izateko, ondorioz istripua izan, garraiolariaren beraren eta errepideetako gainerako erabiltzaileen bizitza arriskuan jarriz. Kontuan izan behar da garraiolariek tona asko karga izaten dituztela bizkarrean, eta bezeroek presaka ibiltzen direla.

Datu esanguratsua da hilero hiltzen diren garraiolariena. Estatistika latza da, hilero garraiolari bat hiltzen baita errepidean. Honezkero 11 dira aurten Euskal Herrian hildako garraiolariak. Alferrik dira estatistikak arintzeko administrazioaren trikimailuak: trafiko-istriputzat hartu nahi dituzte, noski, berez, lan-istripua dena. Garraiolariaren ezbeharra lan-istripua da, argi eta garbi, errepidean ari da lanean.

Behin eta berriz salatu dugu lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen, haien irabaziak eta onurak lehenesten baitituzte langileen bizitza eta osasunaren gainetik. Bestalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik eta arau-urraketak ez dira zigortzen.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk eskatu dugu edozein langilek izan dezala 60 urterekin erretiro duina hartzeko aukera. Batez ere, ezbeharren bat izateko arrisku handiagoa dutenek, hau da, laneko ezbehar tasa eta arriskua handiagoa dutenek. Ez dezatela pentsio-sistemaren “finantza-oreka”ren aitzakia erabili. Hala ere, azken urteetako joera, oro har, kontrakoa da: legezko adina eta beharrezko kotizazio-urteak luzatzea, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratzea. Argi ikusi da hori, bai CCOO eta UGT sindikatuek pentsioen arloan patronalekin egindako gizarte-akordioetan, eta baita Gizarte Segurantzako arduradunek izan duten jarreran. 2013Ko azken erreforma horren adibidea da.

Sindikatu horiek defendatzen dute langileek eskubidea dutela, hala dagokienean, erretiroa hartzeko, adina aurreratzeko laneko ezbehar-tasa eta laneko arriskugarritasun handiak dituzten sektoreetan, eta ez gehiago luzatzeko gainerakoena, beti planteatzen den pentsio-sistemaren “finantza-orekaren” argudioarekin. Kolektibo kaltebera batzuentzat, erretiroaren adina haien bizi-itxaropenarekin parekatzea litzateke hori.

Era berean, ez da gehiago luzatu behar erretiro partziala hartu ahal izateko kotizatutako denbora, gaur egun 33 urtean dagoena 2013ko azken lan-erreformatik. Orduan, 65 urte bete baino 5 urte lehenago hartzeko aukera zegoen, orain 66 urte eta erdi, eta 2027an 67 urte izatera iritsiko da. Gazteak lan-merkatuan sar daitezen sustatu beharko litzateke, eta erretiroa sektore guztietan atzeratu gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek greba eguna izan dute gaur, baldintza duinen eta benetako negoziazioaren alde

Goizean, mobilizazio bana egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta Tuteran, Foruen plazan. Arratsaldean ere mobilizatuko dira, Iruñean, Diputaziotik abiatuta, 18:00etan.