2024-11-24
HomeEkintza SozialaKapital errentak eta enpresen irabaziak zergapetu gabe ez dago aberastasuna modu progresiboan...

Kapital errentak eta enpresen irabaziak zergapetu gabe ez dago aberastasuna modu progresiboan banatzeko zerga erreformarik

LABen iritziz, Aldundiek proposatutako neurriak ez datoz bat Euskal Herriak behar duen erreforma fiskalarekin.

Fiskalitatea funtsezko tresna da aberastasuna modu bidezkoan banatzeko, baina horretarako aberatsak eta kapitalaren errentak zergapetu behar dira. Gaur egun, langileria gara laneko errenten bidez zerga-bilketan ekarpenik handiena egiten dugunak.

Zerga-politikan sakoneko erreforma baten beharra gehiengoaren babesa duen eskaria da, egungo eredua guztiz bidegabea baita. Hauspoa galtzen joan diren adierazpen politikoen ondoren, EAJren eta PSEren arteko akordioak, atzo aldundiei proposamen gisa helarazi zitzaigunak, sakonekoak ez diren neurriak baino ez ditu. Hau ez da euskal langileriak eskatzen eta behar duen erreforma fiskala.

Sindikatuan Ikusmiran 15 argitalpenean aztertu genuen bezala, egungo fiskalitatea patronalaren neurrira egina dago. Eta zerbitzu publikoak sustatzeko – osasuna, hezkuntza, zaintza edo etxebizitza bezalako arloetan – eta trantsizio ekosozialari aurre egiteko beharrezkoa den lidergo publikoa bermatzeko, enpresen irabaziak eta kapital-errentak zergapetu behar dira, progresibitatea handituz.

Fiskalitatearen inguruko eztabaida ezin da erakundeen eta alderdien arteko akordioaren esparruan geratu. Josu Jon Imaz Repsoleko CEOa horren jakitun da, Lopez Atxurra eta Garamendi bezala, xantaia eta mehatxuak erabiltzen baitituzte euren irabazi lotsagarrien zati bat diru-kutxa publikoetara bideratuko lukeen fiskalitate bat saihesteko. Ezinbestekoa da eztabaida eta gizarte-presioa, Gasteizko Gobernuak berriro ere eztabaida faltsuan ixtea eta patronalaren pribilegioei eustea saihesteko.

LABentzat, funtsezkoak dira honako hiru neurri hauek:

– PFEZn, tasa bakarra kapital- eta lan-errentetarako, eta gehieneko tipoa %60ra igotzea. Langileok ezin dugu enpresek baino gehiago aitortu.

– Sozietateen gaineko Zergan, kenkari eta pizgarri fiskal guztiak kentzea eta %35eko tasa nominala ezartzea, enpresen irabaziek jendarteari ekarpena egin diezaioten.

– Kapital-errentei %1 eta %10 arteko errekargua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.