2024-11-23
HomeEkintza SindikalaDei egiten diogu Confebaski EAEko gutxieneko soldata hobetzeko dagokion ardura har dezan

Dei egiten diogu Confebaski EAEko gutxieneko soldata hobetzeko dagokion ardura har dezan

1.600 euroko gutxieneko soldata ezartzeak bizitza duina bermatuko lieke EAEko 210.000 langileri.

Hego Euskal Herriko langileon lan harremanen araudia Madrilen erabakitzen da, Madrilek zehazten du bertako negoziazio kolektiboaren baldintzak zeintzuk diren, baita langile guztion gutxieneko eskubideak ere, tartean Lanbidearteko Gutxieneko Soldata. Euskal Herriko langileontzat premiazkoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren eraikuntzan urratsak ematea, eskumen berriak eskuratuz batetik, baina baita eskumen horien baitan eskuratu daitezkeen eskubide eta hobekuntzak lortuz ere. Euskal langileok premiaz behar dugu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat, eta badaude formula juridikoak bide hori eskuratzeko.

Gaur, gutxieneko soldata propio baten beharrizana EAEko eremura ekarriz, Confebaskek duen ardura azpimarratu nahi dugu, berari dagokio EAEn milaka langileren lan eta bizi kalitatea hobetuko lukeen gutxieneko soldata baten inguruko akordioa egitea

Bestetik, Eusko Jaurlaritza ere interpelatu nahi dugu. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak onartu du EAEn gutxieneko soldata propio bat behar dugula, eta hori, berri positiboa da EAEko langileriarentzat. Baina beharrizana aitortzeaz gain urratsak behar ditugu, eta Jaurlaritzari dagokio patronalari honelako akordio baten alde egin dezala eskatzea. Era berean, epe ertainean, gutxieneko soldataren eskumena bereganatzeko lan egin behar luke Jaurlaritzak.

Langileok premia dugu gutxienez 1.600 eurokoa izango den soldata eskuratzeko

Egun Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko soldata erabat askieza da bizitzaren kosteari aurre egiteko. Gutxieneko soldata propioa behar dugu. Europako Karta Sozialak egindako gomendioa aintzat hartuz gero, batez besteko soldataren %60 izan beharko luke, gutxienez; hau da, 1.600 euro gordin, 14 pagatan.

Egun EAEn gutxienez 210.000 langile daude, soldatapekoen laurdena, 1.600 euro gordinetik beherako soldatekin, eta horietako 10etik 6 emakumeak* dira. Alegia, soldatapeko guztien laurdenak ez dauka soldata nahikorik bere gutxieneko beharrizanak asetzeko, eta langile horien artean emakumeak* dira gehiengoa. Soldata gero eta apalagoa izan, emakumeen* presentzia handituz doa.

Horrelako akordio batek beraz, EAEko langile askoren soldatak hobetzea ekarriko luke, eta bide batez, soldata arrakalak murrizteari (sexu-generoaren araberakoa, adinaren araberakoa edota jatorri eta arrazializazioaren araberakoa) bide emango lioke. Nori hobetuko lioke soldata, beraz, horrelako akordio batek?

– Emakumeen* %28ari.

– Migratu eta arrazializatuei dagokienez, ezin atera zenbateko zehatza, baina ehuneko oso altu bati. Datu gisa, Espainiako Estatutik kanpoko nazionalitatea daukaten langileen soldaten batazbestekoa 1.600 euroen azpitik dago (21.700 eurotan, eta 1.600 eurokoa balute 22.400 eurotakoa izango litzateke).

– Gazteen %42ari.

Nagusiki zerbitzuetako langileei eragingo lieke, eta oso modu esanguratsuan nekazaritza eta abeltzaintzako langileei. Gaur ordea, zera azpimarratu nahi genuke, ia sektore guztietako kategoriei eragingo liekeela, oso neurri transbertsala izango litzatekeelako.

Horrelako akordio bat posible da juridikoki eta ekonomikoki, borondatea baldin badago

Juridikoki posible da, Langileen Estatutuko 83.3 artikuluak arautzen duen materia zehatzeko akordioaren bidez lan harremanak EAEn garatzen dituen langile orori aplikatuko litzaioke.

Bestetik, enpresek badituzte nahikoa baliabide langile prekarizatuenen soldatak igotzeko. Badago aberastasun nahikoa, eta aberastasun hori gero eta modu desorekatuagoan banatzen da. Soldatak duintzea da, zerga-politikarekin batera, aberastasuna banatzeko gako nagusi bat. Confebaskek ezin dio uko egin soldatak hobetzeari, justizia sozial kontu bat da.

Gaur, gutxienez 1.600 euroko soldata ezartzeko materia zehatzeko akordio batek modu berezituan eragingo dien sektore horietako langileekin ari gara egiten agerraldia. Sektore feminizatuak gehienak, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren eremuetakoak asko: ostalaritza, saltoki handiak, etxeko langileak, telemarketina, garbiketa, elikagaien merkataritza, nagusien egoitzak, ileapaindegiak, etxez-etxeko laguntza, enplegu zentro bereziak eta metalgintza.

Gaur, EAEn gutxieneko soldata bat ezartzearen zilegitasuna eta beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. 1.600 euro azpiko soldatak ez dira zilegi, ez dira bizitza duin baterako berme. LABek, akordio hori gauza dadin indar guztia jarriko du, langileak mobilizatuz, gainerako indar sindikalak borroka honetara batzeko lan eginez, eta baita materia zehatzeko akordioa gauza dadin negoziazio markoak bilatuz ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.