2025-04-08
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaPrograma Eleanitza, PAIren anabasa konpondu dezakeen aukera

Programa Eleanitza, PAIren anabasa konpondu dezakeen aukera

UPNk PAI (Ingelesa Ikasteko Programa) abian jarri zuenean zentzugabekeria linguistiko eta pedagogiko galantari eman zion hasiera. Orain merkealdiekin dator, zehaztasunik eza, egia epelak eta gezurrak aireratuaz, berriro ere. Bere helburu nagusia honokoa da: euskara higatzeko politika berriak abian jartzea, lurralde honetako hizkuntz-altxorra osatzen eta hobetzen jardun beharrean.

UPNk PAIri buruz eginiko eldarnioz betetako kontakizunaz gaindi, bere garaian soilik eskola publiko gutxi batzuek eskatu zuten programa hori abian jartzea. Nabarmentzekoa da orduko Gobernuak prozesu horri buruz eman zuen informazio urria eta zeinen formazio metodologiko eta linguistiko eskasez horniturik jarri zen abian.

Hainbat zuzendarik PAIren inguruan egondako kontsentsu eskasa salatu zuen. Inposizio zantzuak ere salatu ziren. Eskola publikoen laurdena behartua izan zen programa hori abian jartzera.

Eskola publikoetan PAIk lortu duen onarpen maila oso baxua da, batez ere D ereduan. Gainera, nabarmendu beharra dago Nafarroako eskolen %60k ez duela hizkuntz proiekturik (zentro publikoen %80). Beraz, UPNren proposamenak ez du inolako zilegitasun pedagogikorik, ezta estatistikorik ere. PAIri buruzko kontakizun idilikoa, aurreikus zezakeen modura, ezerezean geratu da. Horrez gain, garrantzi handia eman ohi zaio proiektu berak izan beharko lukeen aholkularitza irizpideei, bere ezaugarriei, eman beharreko ikasgaiei, irakasleriaren formazioari, antolakuntza eta garapenari eta abar. Hori guztia garatu gabe dago eta erabat baldintzatzen, mugatzen eta oztopatzen du Ingelesaren ikasketa eredu linguistiko bilakatzea, orain UPNk hala nahi baldin badu ere.

Nafarroako hizkuntzak izaki, euskara eta gaztelania dira gure eskola-hizkuntzak eta gure hezkuntza sistemaren “grabitate guneak”.

Alternatiba programa eleanitza da
Elebidunak diren erkidego autonomoei dagokie euren eredu linguistikoa zehaztea. LABen apustua bertako hizkuntzen ezagutza sustatzea da, jendartearen kohesioa eta hizkuntz-normalizazioa uztartu asmoz. Horixe da, gainera, Estatuko beste erkidegoetan egiten ari diren apustua: eleanitza den eredu bateratua, oinarrizko hezkuntza prozesua amaitzean ikasle guztiek aipatu bi hizkuntzetan komunikazio konpetentzia egokia garatu ahal izateko.

Gure aburuz, horrek guztiak gureaz apartekoak diren hizkuntza eta kulturak ezagutu eta esperimentatzeko askotariko esperientziak ahalbidetuko lituzke eta ikasten ikasteko gaitasuna sustatuko litzateke kulturen eta hizkuntzen arteko harreman zintzo eta errespetuzkoa landuaz.

Hau da, hain zuzen ere, sindikatu honek Hezkuntza Departamentuari helarazi dion proposamena. Gure proiektu eleanitza dagoeneko mahai sektorialean negoziatzen ari garen itunaren zirriborroan sartua dago.

Agerikoa da UPNk nola erabiltzen duen ingelesa eta bere ikasketa prozesua horrekin politika merkea egiteko. Horren adierazgarri da Parlamentuan egin duen proposamena. Aurkeztu duen mozioan UPNk errealitatea manipulatu du, berriro, baita gezurrak bota ere. Euskararen garapena oztopatzeko, ingelesa eta Nafarroako hizkuntzak diren euskara eta gaztelania maila berean jarri nahi ditu, inolako berme pedagogiko edo linguistikorik gabe.

Ez dago zalantzarik UPNk noraeza eragin nahi duela Parlamentuan aurkeztuko duen mozioarekin eta modu batera edo bestera Nafarroan garatu nahi den hizkuntz murgiltze eta elkarbizitza eredua zapuztu. Ez diogu utziko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.

Maiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua aurkeztu dute gaur Baionan LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuok. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, klase elkartasuna eta borroka aldarrikatuko dituzte, eta baita aberasatasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere.

Guardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean

Joan den asteazkenean amaitu zen, akordiorik gabe, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia Guardian Laudion. LABetik berriro ere irmo salatzen dugu itxiera hori ez dela gerora sortutako edo saihestezinezko egoera baten ondorioa, multinazionalak lantegia ixteko planifikatutako estrategia baten emaitza baizik. Guardianek nahita eragin ditu itxiera justifikatzeko baldintzak, eta, hasiera hasieratik, aurrez pentsatutzat jo dugu.