Azken lan-eskaintzan ingeles maila euskara mailaren gainetik jarri du.
LABek eskatzen du lan-eskaintza hori bertan behera utzi edo, bestela, euskarazko B2 maila eskatzea.
Igandean, maiatzak 6, hedabideetan eta Metro Bilbaoren web orrialdean hiriarteko bulego nagusietan aritzeko Informatika- analista bat kontratatzeko deialdia zabaldu zuten. Zer eskatzen duten begiratu eta hizkuntzen atalean honela jaso dute: “Euskara B1 maila eta ingeles B2 maila egiaztatu behar dira”.
Horrela, Metro Bilbao gisako erakunde publiko bat EAEn ofiziala den euskara gutxiesten ari da, atzerriko hizkuntza baten atzetik jarriz, zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egitea oztopatu eta erabiltzaileen eta langileen hizkuntza eskubideak urratzen baitira.
Munduan beste inon ulertuko litzateke atzerriko hizkuntzak lehenestea tokiko hizkuntzen ordez?
LABek lan-eskaintza hori bertan behera utzi edo, bestela, B2 euskara mailara igotzeko eskatzen dio Metro Bilbaoko zuzendaritzari.
Era berean, neurri horrek lan-munduan eragiten dien gainerako sindikatu eta erakundeei eskatzen diegu herritarren hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aldeko lana eta ahaleginak indartzeko.