2024-11-23
HomeEkintza SindikalaEz dago benetako absentismo arazorik, lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala...

Ez dago benetako absentismo arazorik, lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala baizik

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik The Artist hoteleraino. Izan ere, Confebask EAEko patronalak jardunaldi batzuk egin baititu bertan, “Revisión y análisis del absentismo laboral en Euskadi” izenburupean.

Hilabeteak daramatzagu ongi antolatutako patronalaren kanpaina baten aurrean, oso mezu argia duena: “langileok bajak hartzen ditugu alperrak garelako eta beste motako baimen batzuk baliatzen ditugu lana egin nahi ez dugulako”, eta absentismoaren inguruko diskurtso hori indartzeko ekimentzat jotzen dugu Confebaskek antolatutako jardunaldia.

Argitu behar da absentismoak hainbat kontu barnebiltzen dituela, hala nola bajak, amatasun edo aitatasun baimenak, lizentziak, grebak, jarduera sindikala, etab.

Honela, “fake news”-en kanpainatzat hartzen dugu patronala zabaltzen ari den mezua. Horrela, urteetan, enpresek eta euren mutualitateek neurri ezberdinak bultzatu dituztela absentismoaren aurka, hala nola, baja arrunten kontrola mutualitateen esku uztea, enpresa espezializatuak erabiltzea baja arrunten fiskalizazioa egiteko. Neurri guzti horiek absentismoak gora egitea besterik ekarri ez dutela adierazi du Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko idazkariak eta gaineratu du enpresek badakitela prebentzioa bermatuz gero, lanpostu osasuntsuak sortuz gero, bajen kopurua modu nabarmenean jaitsiko litzakeela.

Salatu dugu guzti honen atzean langileek beren borrokaren bidez urteetan lortutako eskubideen aurkako joera dagoela, baimenak, lizentziak eta abar murriztea dela patronalak bilatzen duena. Era berean, baja arrunten aurrean familia medikuen eskumenak ezabatu nahi dituztela ere nabarmena da, langileak gaixo egonda ere lanera bidaltzeko. “Ideia beraz, boterea eskuratzea da eta horixe dago guzti honen atzean. Honetarako osasun publikoa ahultzea ezinbestekoa zaie”, gaineratu dute Iriartek.

Era berean, nabarmendu behar da ez dagoela bajen iruzur arazorik, baizik eta lan osasuneko araudia errespetatzen ez duen patronala, laneko eskubideak zein eskubide sozialak arazotzat hartzen dituena, horien aurka bere makinaria eta botere guztia erabiltzen ari dena, komunikabide, politikari eta instituzioak erabiliaz, eskubideen garapena eta egonkortzea ekidin nahian etengabe.

Patronalak absentismoaren inguruko benetako kezka izango balu, erretiro adina atzeratzearen aurka egongo litzateke, izan ere absentismoa txikitzeko, beste batzuen artean, prebentzio lanak egin edota lanaldia murriztea dira neurri eraginkorrenak.

Patronala zabaltzen ari den mezuaren aurrean, hainbat datu ere jakinarazi ditugu gaurkoan:

– Europa mailan, Espainiako Estatua absentismo txikiena duten bost herrialdeen kokatzen da.

– Espainiako Estatuan, baja arrunten inguruko iruzurra (gaixorik egotearen itxura egin baja lortzeko) %4ean kokatzen da, eta presentismoa (lanera gaixo edo lesionaturik joatea) %41ean.

– Hego Euskal Herrian absentismoa Espainiako Estatuko beste lurralde batzutan baino altuagoa da industriak pisu handiagoa duelako (eta ondorioz, lan istripu gehiago gertatzen dira), sindikalizazio altuaren ondorioz garaipen sozial gehiago lortu ditugulako, gatazka sindikal eta greba gehiago egiten ditugulako, langileria bataz beste gero eta zaharragoa delako, emakume gehiago daudelako lan mundu ordainduan, eskubideen erabilpena gehiago gauzatzen dugulako, eta abar. Hau ez da negatiboa, gizarte garatuago baten isla baizik, eta, hala ere, oraindik urrats asko eman behar dira Europar Batasuneko eskubideen bataz bestekora iristeko.

Era berean, gogoratu dugu 2023an 100.000 lan istripu komunikatu zituztela Hego Euskal Herrian, horietatik erdiak egun bat baino gehiagoko baja eragin zuelarik, eta 2024an gutxienez 51 lan-heriotza izan ditugula Euskal Herrian urte hasieratik. Kopuru hauek adierazten dute enpresariek ez dutela prebentziorik egiten baina egoera honek ez du kezkatzen patronalari, ezta instituzioei ere. Prebentzio kulturarik ez dago, eta prebentzioaren legea betearazteko borondate politikorik ere ez.

Absentismoa, enpresek laneko segurtasun araudia bete eta langileon segurtasuna bermatuz jaitsiko litzateke. Prebentzioa indartuz, modu erradikalean jaitsiko litzateke absentismoa.

Eserialdia, txistualdia eta Jaurlaritzari deia

Confebaskek antolatutako jardunaldira iritsi direnean, eserialdia egin dute lurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuon deialdiari erantzunez Bilbon mobilizatu diren langileek, eta minutu bateko txistualdi ozena eskaini diete patronalaren ekimenean parte hartu dutenei.

Gainera, Jaurlaritzai eskatu diogu patronalaren diskurtso faltsuarekin bat ez egiteko ez eta gaitzetsi egin dugu Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enpleguko Lehendakariordeak Confebaskek antolatutako jardunaldietan parte hartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.