2024-11-22
HomeEkintza SindikalaZelaigane SLk kudeatzen duen Busturiako Zelaiondo egoitzak hitzarmen kolektiboa errespetatzen ez duela...

Zelaigane SLk kudeatzen duen Busturiako Zelaiondo egoitzak hitzarmen kolektiboa errespetatzen ez duela dio Lan Ikuskaritzak

Hilabeteak dira Busturian kokatutako Zelaiondo egoitzan bizi diren egoera kezkagarriak salatzen ari dela LAB. Batetik, langileen lan eskubideak errespetatzen ez zirela adierazi genuen eta datuekin erakutsi, ez baitute ezta Bizkaiko egoitzetako hitzarmena errespetatzen. Bestetik, egoitza kudeatzen dutenen despotismoa eta harrokeria ere salatu zuen sindikatuak. Horretarako, hainbat kartel eta pankarta egin ditu, hainbat eragileekin bildu da eta horrekin batera, lan ikuskaritzan salaketa aurkeztu zuen.

Lan ikuskaritzatik azken asteetan jaso ditugu berriak eta, salatutakoen harira, LABi arrazoia eman dio honek, zehaztu baitu egoitzan ez dela lan hitzarmena errespetatzen eta kasu batzuetan langileen lan osasuna kolokan jarri daitekeela.

Horrekin Zelaiondo egoitzaren inguruko hainbat kontu nabarmendu ditu, hala nola:

• Zelaiondon, langileek 1.592 lan ordu baino askoz gehiago egin izan dituztela eta horrekin batera ez dutela formakuntzarik jaso.

• Egoitzak ez dizkiela langileei sekula ordaindu gaueko, igandeetako edota jai egunetako plusak. Eta hauek langileei ordaindu beharo dizkietela adierazi du ikuskaritzak.

• Halaber, informazio eskubideari trabak jarri dizkiotela argudiatzen dute.

• Zehaztu du ezin zaizkiola oztopoak jarri langileei kontsultetara joateko orduak eskatzeari.

• Lanpostuetako arriskuen ebaluazioa egin behar dela, orain arte ez dena egin. Eta batez ere, gaueko txandan langile bakarra dagoela kontuan izatea. Pertsona hau lanean bakarrik egotea oso larritzat jo du ikuskaritzak.

• Langileek atsedena hartzeko toki bat behar dutela, momentura arte ez dutena izan.

Horregatik, LABen argi eta garbi jarraituko dugu esaten zaintza sektorean dauden enpresa eta pribatizazio prozesuek langileen lan eta bizi baldintzen kaskartzea dakartela, eta horregatik zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean pausuak ematen eta mobilizatzen jarraituko dugu. Bide honetan, mugimendu zein herritarrei mobilizatzen jarraitzea eskatzen diegu. LABek lehen lerroan jarriko ditu langileak bide honetan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.