2024-10-31
HomeEkintza SindikalaGetxoko Udal Gobernuak euskararen normalizazioaren kontrako erabakia hartu du

Getxoko Udal Gobernuak euskararen normalizazioaren kontrako erabakia hartu du

Ez du eskatuko lanpostu berriak betetzeko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.

LAB sindikatuak erabat gaitzesten du Getxoko Udal Gobernuak, EAJ buru duela, hizkuntza berdintasunaren aurka hartutako azken erabakia. Epaitegietatik ezarritako doktrina atzerakoi eta euskarafoboa bere eginez, orain arte garatu duen hizkuntza politikan atzera egin eta lanpostu berrietarako ez du beharrezkotzat eskatuko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.

Horrelako erabakiekin, udal administrazioak uko egiten dio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari, norberak nahi duen hizkuntzan artatua izateko eskubideari eta eskubide urraketak betikotzeko markoa hauspotzen du. Administrazioaren aurrean euskaldunok bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituzte. Era berean, uko egiten zaio euskaraz normaltasunez lan egingo duen administrazioa eraikitzeari, udal langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea urratuz ere.

Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Lanpostu publiko berriak betetzeko ezinbesteko baldintza izan behar da bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eta, horrekin batera, administrazioa euskalduntzeko neurriak areagotzea, berme juridiko guztiekin. Erabaki politikoa da bide hori jorratzea ala hizkuntza politikan atzeraka joatea.

Horregatik, elkarretaratzea deitu dugu LAB, ELA eta Kontseiluak batera urriaren 31n, 11:00etan, Getxoko udaletxe aurrean, euskararen normalizazioaren aurkako erasoak eten eta herritar zein langileen hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Aldi berean, bat egiten dugu Getxoko euskalgintzak azaroaren 4rako deitu dituen mobilizazioekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu Olatek-eko enpresa-ituna, KPI bermatuta ez duelako eta sektoreko hitzarmenean jasotakoak okertu dituelako

Itun hori bi ordezkari independentek eta ELAko batek sinatu dute, ez du KPIren bermerik eta Arabako Egurgintzaren hitzarmenaren azpitik dago.

Bizkaiko grafikagintzako bederatzigarren greba egunean jarraipen garrantzitsuari eutsi zaio

Greba egunak eragin handia izan du, berriz ere, eta ekoizpena geldiarazi du sektoreko hainbat enpresatan. LAB, ELA, CCOO eta UGTk sektoreko langile bat inolako justifikaziorik gabe atxilotu dutela salatzen dugu.

Mobilizatzen hasi gara Nafarroako Iturgintzako patronala mugiarazi eta hitzarmen duin bat lortzeko asmoz

Nafarroa Garaiko Iturgintzako hitzarmenaren gaineko negoziazioak hiru urte zeramatzan blokeaturik. Atzo, negoziazio mahaia batzartu zen Iruñean berriz, Lan Epaitegian, eta LABek elkarretaratzea egin zuen haren aitzinean, sektoreko patronala mugiarazi eta lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen duin bat lortzeko helburuarekin.