2024-11-21
HomeEkintza SindikalaEAEko Osasun Mahaian aurkeztu den diagnostikoan aldaketa garrantzitsuak behartu baditu ere, honen...

EAEko Osasun Mahaian aurkeztu den diagnostikoan aldaketa garrantzitsuak behartu baditu ere, honen osotasunak ez du LAB asebetetzen

LABek bozka partikularra aurkeztu du ez nahikotzat jo dituen puntuetan eta berretsi egin du mahaian parte hartzen jarraitzeko eta ekarpenak egiteko erabakia.

Gaur bildu den Osasun Mahaian diagnostikoaren inguruko behin-betiko dokumentua landu da. Horren harira, LABek adierazten du behin-betiko diagnostikoan moldaketa garrantzitsuak sartzea lortu duela, besteak beste, osasun sistema publikoari dagokionez, giza baliabideen arloan, Lehen Mailako Arretaren indartzean edota Gobernantza ereduan.

• Osasun Itunaren helburuen artean Osasun Sistema Publikoa indartzea.

• Osasun-zerbitzuak kanpora ateratzeko prozesuen azterketa xehetua eta horien etorkizunaren gogoeta egin beharra. Zentzu horretan jasotzen da garraio sanitarioaren arloan beharrezkoa dela baliabideei, antolaketari eta kudeaketa-ereduei buruzko azterketa egitea.

• Esklusibotasun ezak, interes-gatazka sortzeaz gainera, azterketa sakona behar duela.

• Jarduera guztien gardentasuna eta kontrol publikoa bultzatzea.

• Giza baliabideen arloan: Kontratazio-politikak garai berrietara egokitzea eta luzerako izaera bermatzea, asistentzia hobetzeko duten faktore gisa eta sistema publikoa erakargarri bihurtuz, lan-baldintza erakargarriekin. EPE ereduan erabateko eraldaketaren beharra, txantiloi bakarra, ordenatua eta gardena definituz. Profil profesional berriak jaso dira: batetik, arreta eredu berriek osasun arloan profesional gehiagoren beharra (fisioterapia, psikologia, gizarte lana, odontologia, nutrizioa eta dietetika); eta bestetik, erizaintzako espezialitateak bultzatu eta garatzea. Egoiliarren tutorearen figura zaindu eta sustatzea. Osasun-laguntza nagusiki emakumeen* jarduera izanik, aldagai hori planifikazio-esparru guztietan kontuan hartzea.

• EAEko gaixotasun psikiatrikoen eta, oro har, osasun mentalaren arreta-ereduak antolamendu-aldaketak eskatzen dituela jaso da, koordinazioan hobekuntzak eta profesional soziosanitario gehiago sartzearekin batera.

• Lehen Mailako Arreta indartu beharra. Neurri zuzentzaileekin batera, langileen zuzkidurari eta banaketari dagokionez, lehen mailako arretarako pentsatzen ari diren pertsonen kopurua handituz, profesionalen zein erabiltzaileen laguntza-ingurune horrekiko erakargarritasuna eta atxikimendua berreskuratuz, talde-lanaren, lankidetza-praktikaren, diziplina anitzen arteko lankidetzaren, koordinazioaren eta asistentzia-mailaren desberdinen integrazioaren aldeko apustua eginez. Halaber, maila honetan normalean egon ez diren arloan integratzea adierazten da.

• ESIen inguruan kritika eta berrantolaketa agerian geratzen da: sistema batez ere erreaktiboa sortu dela adierazten du, bereziki arreta akutuan oinarritua eta ospitaleetan zentratua. Modu integralean eskainitako prebentzio-, sustapen- eta komunitatea-arreta ez da behar bezala txertatu ESIen jarduetan, eta ekitate-bermea ahuldu egin da. Oraindik ere beharrezkoa da ESI eredua sakonki aztertzea eta beste aukera batzuekin alderatzea. Etengabeko Arreta Guneek eraberritze-prozesuaren barruan arretaz hausnartzea merezi dutela jaso da.

Hala eta guztiz ere, LABentzat diagnostikoak hutsune batzuk izaten jarraitzen du, sindikatuarentzat garrantzitsuak direnak:

Pribatizazio politiken ondorioak. Kontzertazioaren inguruko datu batzuk jasotzen badira ere, pribatizazio politiken arrazoiak, mapa, kostua eta Osakidetzak eskainitako zerbitzu publikoan izandako eragin kaltegarriak aztertu behar dira. Politika hauei amaiera emateko beharrezkoa da pribatizazio, kontzertazio, kanpora ateratako lanen eta autokontzertazio politiken diagnostiko zehatza.

Osasun Sistema Publikoaren zerbitzuak titulartasun publikotik eta baliabide publiko eta propioen bitartez eskaini behar direla adieraztea; eta ez, baliabide publikoekin azpikontratatu, itundu edo pribatizatuz.

Osasun publikoko langileen egoerari loturik, behin-behinekotasuna ahalik eta gehien murrizteko langile-kategoria ezberdinetan ezkutuan eta koderik gabe egon diren lanpostuak estruktural bilakatzeko beharra aitortu eta horretarako prozesuak aktibatzea. Eta era berean, pertsonala dimentsionatzea, egungo lan zamak kontuan hartuz, absentzien estaldurak betez, itxaron zerrendak murriztuz edo osasun arretaren ratioak murriztuz.

Osakidetza euskalduntzearen beharra adieraztea, eta horretarako plan eta neurri zehatzak jasotzen dituen estrategia martxan jartzea.

Goian adierazitako puntuetan, LAB sindikatuak boto partikularra eman dio diagnostikoaren dokumentuari bere desadostasuna adierazteko, honen osotasunak asebetetzen ez duelako.

Era berean, sindikatuak adierazi du Mahaian parte hartzen eta ekarpenak egiten jarraitzea erabaki duela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak gaur EAEn, kalitatezko hezkuntza helburu, publikoa indartzea eta inbertsioa handitzea eskatzeko

Mobilizazioak 17:30ean izango dira, Donostian (Alderdi Eder), Zumaian (Saregileen plaza), Orereta (Herriko plaza), Eibar (Untzaga plaza), Bilbon (Plaza Zirkularra), Barakaldon (Anaien parkea), Durangon (Ezkurdi plazan), Gernikan (Merkurio plazan), Igorren (Biribilgunean), Algortan (Fadura LHII Lanbide Hezkiketako ikastetxean), Gasteizen (Arka plazan) eta Laudion (Herriko plazan).

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko...