2025-04-05
HomeEkintza SindikalaBigarren greba egun jendetsua Nafarroako irakaskuntza publikoan

Bigarren greba egun jendetsua Nafarroako irakaskuntza publikoan

Iruñean eta Tuteran egindako mobilizazioek agerian utzi dute irakasleak nazkatuta gaudela, eta aldarrikapenak berretsi egin ditugu berriz: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, plantilla egonkortzea eta lan gainkarga murriztea.

Lehen jardunaldia arrakastatsua izan bazen eta oihartzun handia izan bazuen (horren ondorio izan zen egun batzuk geroago kontseilariak mahai gainean jarri zuen proposamena), astearte honetan, hilaren 29an, egiten ari diren bigarrena are handiagoa izaten ari da.

Lehen orduan, hainbat pikete informatibo izan dira ikastetxeetan, eta zentruren batean ere, hainbat irakaslek gaua pasatu dute protesta gisa. Ondoren, Iruñeko hainbat txokotatik abiatu diren lau zutabeak berriro elkartu dira Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta hortik ateratako irudiak ez du zalantzarako biderik eman: irailaren 26koa baino jendetsuagoa izan da gaur mobilizazioarekin bat egin duen jende kopurua.

Gauza bera geratu da agerian, ondoren, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, non manifestariok Sarasate Pasealekuaren zati handi bat bete dugun. Tutera ere izan da goizeko 11:00etan Foruen plazatik abiatu den mobilizazioan parte hartu duten lagunen gorakadaren lekuko.

Bi manifestazioen amaieran, langileen ordezkariek gogorarazi dute ekainean jada ohartarazi zutela ikasturte honen hasiera ez zela ohikoa izango eta agindutakoa betetzen ari direla. Era berean, Nafarroako hezkuntza publikoan baldintza duinak lortzeko borrokan jarraitzeko jarrera berretsi dute, eta arratsaldeko 17:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Tentsio uneak Yanguas y Miranda kalean

Baina protesta ez da hor geratu. Irakasleok gero eta haserreago gaude Departamentuaren jarrera itxi eta berekoiarekin, eta horrek eragina izan du gaur goizean Iruñean. Sarasate pasealekua utzi eta gero, manifestazioak Txistuen Plazarantz jarraitu du eta bertan, bi noranzkoetan, Yanguas y Miranda kalea itxi dute. Eserialdi bat egin eta hainbat minutuz hor egon ostean, manifestazioaren asmoa izan da Parlamentuko ateetara itzultzea, baina poliziak eragotzi egin du, eta beste eserialdi bat egin dute Yanguas y Miranda eta Sarasate kaleen arteko bidegurutzean.

Une batzuetan tentsio uneak bizi izan dira poliziak manifestari batzuk hormaren kontra bultzatu eta beste batzuk identifikatu dituenean. Azkenean, baina, kontuak ez du okerrera egin.

Greba eguna ez da oraindik amaitu, arratsaldeko manifestazioa falta baita; LABetik Nafarroako Hezkuntza publikoaren egoerarekin kezkatuta dagoen pertsona orori dei egiten diogu arratsaldeko 17:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioarekin bat egin dezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu...

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.