2025-01-29
HomeEkintza SindikalaAurreakordioa Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmenean #LortuDugu

Aurreakordioa Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmenean #LortuDugu

Gaur, urriaren 28an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu. 2021ean hasi ginen hitzarmena negoziatzen eta 30 bilera baino gehiago behar izan dira gauden lekura iristeko.

Aurreakordioaren eduki nagusiak honako hauek dira: soldata igoerak (2021-2022-2023an %0; 2024an %4; 2025ean %4; 2026an %4; 2027an %4,5 eta 2028an %4,25. 2021-2027 urteen (biak barne) baturak %20,5a gainditzen badu, soldata-taulak KPIen baturaren aldea kontuan izanik eguneratuko dira, %3,9ko topearekin; bigarrenik, bakanteen prozesua arautuko da; eta hirugarrenik, ultraaktibitatea, hitzarmena blindatzen dugu etorri daitezkeen lan erreformen aurrean.

Aurreakordioa sinatu dugun arren, ez dugu erabat lortu hitzarmenaren negoziaketaren hasieran langileen kolektiboak aurreikusitako erronka, hain zuzen, eros-ahalmenaren bermea lortzea. Garrantzitsua da gogoratzea hitzarmena pandemia hasi eta ondorengo hilabeteetan negoziatzen hasi ginela eta orduan, KPI altuak zeuden mahai gainean.

Negoziaketa guztian zehar enpresek jarrera itxia izan dute eta langileen presioa eta borrokari esker, enpresa eta Aldundia orain arteko proposamenarekin alderatuta eskaintza nabarmen hobea egitera behartu dituzte.

Bukatzeko, nahiz eta hasierako helburua guztiak ez lortu, bidea luzea eta neketsua izan da eta balioan jartzen dugu kolektibo honen borroka: 2022an 55 eguneko greba eta 2024an Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako ekimen eta mobilizazioak. Guzti honek bultzatu digu sindikatu modura akordio honi baiezkoa ematea.

LABen argi dugu langileen ekintza sindikala eta borrokak ekarri gaituela akordio honetara. Zoritxarrez, albo batera utzi behar izan ditugu egunerokotasunari aurre egiteko zenbait aldarrikapen, besteak beste, zaintzagatiko baimenen hobekuntzak, hala nola, dependentzia duten familia kideen zaintzarako murrizketa edo eszedentzia baimenak. Honen harira, lortu ez ditugun puntu horiek datozen negoziaketetan berrartu eta negoziatzera konprometitzen gara.

Argi dago borroka eta antolakuntzaren bidez gure lan eta bizi baldintzak hobetzea lortu dugula, horregatik, LABentzat ospatzeko moduko akordioa da, nahiz eta etorkizunean borrokan jarraitu beharko den. Bidea urratsez urrats egiten da, bidea elkarrekin eginez geraezinak garela jabetzen gara, horregatik borrokak merezi duela azpimarratzen dugu berriro.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Elkarrizketarako deien artean administrazioko langileen erretiro plan murritza inposatu du Jaurlaritzak beste behin

Medioen bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritzak Administrazioko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialeko Plana onartu duela Gobernu Bileran. Horren aurrean, beste behin ere, LABek funtsa eta formak salatu nahi ditu.

LABek Guardianeko Laudioko lan zentroko labea itzaltzeko erabakiaren aurrean dituen tresna guztiak martxan jarri ditu hau geldiarazteko

Guardianek labea itzaltzea aurreratzeko asmoak eta erabakia ikusirik, LABek Lan-ikuskaritzan salaketa jarri, eta Osalanen eta Lan-delegaritzan ere eskaerak martxan jarri ditu. Horrekin batera mobilizazioei ekingo zaie eta urtarrilaren 30ean greba mugagabea deituta dago.

Nafarroako enpresa publikoen gehiengo sindikala adi-adi joanen da Gobernuak deituriko bilerara, baliteke-eta akordio sektorial baten negoziazioa ekartzea

Nafarroako enpresa publikoetako LAB, Lankide, UGT eta CCOO sindikatuek jakinarazi nahi dute datorren ortzegunean, urtarrilaren 30ean, enpresa publikoen eremuan akordio baten negoziazioa sustatzeko mahaia eratuko dutela, Nafarroako bulego eta langelen hitzarmenaren xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraiki.