Udan aldizkako kontratu finkoak eteten dira, bereziki sektore feminizatuetan.
Langabezia tasa %7,6ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, pasa den urtean baino 12.900 langabe gutxiago daude eta 11.300 herritar gehiago lanean. Dena den, deigarria da, biztanleria hazi arren, langile gutxiago egotea aktibo moduan. Aktibitate tasa duela urtebete baino baxuagoa da, %55,94koa.
Aktibitate tasak 16 urtetik gorako biztanleriatik aktibo dauden herritarren proportzioa neurtzen du. Azken hiruhilekoan, 8.500 langabe gutxiago egon arren, 50.600 langile aktibo gutxiago daude eta 42.200 langilek utzi diote lan egiteari udako epealdia bukatuta. Beraz, aktibitate tasa txikiak kezka eragin beharko luke, biztanleriaren gero eta proportzio txikiagoa baitako aktibo, lan merkatuaren ezintasunaren adierazle.
Adinari eta sexu-generoari erreparatuta, gizonen langabezia tasa %8,2ra igo da. Emakumeen* artean, berriz, langabezia tasa txikiagoa da, %7koa hain zuzen ere. Aurreko urteko langabezia tasa irauli den arren, sexu-generoaren arabera, aktibitate tasa aztertzen badugu, gauzek bere horretan jarraitzen dute, emakumeen* aktibitate tasa txikiagoa baita. Izan ere, gizonen aktibitate tasa %60,09 den bitartean, emakumeena* %52,03koa da, ia emakumeen* erdiak lan merkatutik kanpo kokatzen du bere burua, eta azken urtean 3.200 emakume* gutxiago daude aktibo moduan.
Aipagarria da ere, egoera zaurgarrian dauden kolektiboen artean mantentzen den langabezia tasa altua. Gazteen artean langabezia tasa jaitsi den arren, oraindik %23,6koa da eta migranteen artean, Nafarroa Garaian %20,7koa eta EAEn %23,18koa.
Sektorearen araberako lan merkatuaren bilakaera aztertuz, azken hiruhilekoan, bereziki behera egin du langabeziak industria sektorean (1.600 langabe gutxiago) eta epe luzeko langabeen artean (4.900 epe luzeko langabe gutxiago).
Pasa den urtetik hona, aldiz, langabeen kopuruak behera egin du zerbitzutan eta epe luzeko langabeen artean, baina eraikuntzan eta industrian gora egin du. Epe luzeko langabe kopuruak behera egin duen arren, langabeen %50,94 dira.
Udako epea bukatuta, 12.700 kontratu gutxiago daude eta eten diren kontratuen herena emakumeena* da; hau da, 8.500 emakumeren* lan kontratua eten da. Nabarmentzekoa da, gizonen artean 4.200 kontratu gutxiago dauden bitartean, azken hiruhilekoan, 11.900 kontratu mugagabe gehiago egotea eta behin behineko 6.100 kontratu gutxiago.
Emakumeen* artean, joera alderantzizkoa da; izan ere, 12.500 kontratu mugagabe gutxiago dauden bitartean, behin behineko 3.900 kontratu gehiago sinatu dira. Aldizkako kontratu finkoekin langileoi egiten zaigun iruzurraren adibide garbia da. Izan ere, udan lan kontratuak eten eta langabezian uzten dute langilea, kurtso hasieran (aldizkako) kontratu finkoa eginez. Egoera honetan dagoen emakume* kopurua ikusita, bereziki sektore feminizatuetan baliatzen dute, prekarioak diren lan baldintzak gehiago prekarizatuz.
Lanaldiari dagokionean, gizon eta emakumeen* arteko arrakala ere nabarmentzekoa da, ia lau emakumetik* bat baitago lanaldi partzialarekin (%23,2a) eta 20 gizonetik ia bakarra (%5,9) dago lanaldi partzialean. Aipatzekoa da kontratu mota hau emakumeen* borondatearen kontra egiten dela, jardunaldi osoko kontratuak ukatuz. Era berean, nabarmentzekoa da udako zerbitzu kontratuak bukatzean kontratuen erdia partziala izan dela.
Langabezia tasak behera egin arren, egoera zaurgarrian dauden kolektiboak lan merkatutik kanpo kokatzen ari dira. Horren erakusle da migratzaile edota gazteen artean langabezia tasak altua izaten jarraitzen duela edota sektore prekarizatuetan, bereziki udan, aldizkako kontratu finkoen erabilera maltzurrak langileon lan baldintzak kaskartu edota ezegorkortzen dituela. Beraz, LAB sindikatuak borrokan jarraituko du sektore prekarizatuekin eskuz-esku, langile guztion lan eta bizi baldintza duinak eta bizitza bizigarriak eskuratu arte.