2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaApirilak 28Lanak ez omen du gaixotzen

Lanak ez omen du gaixotzen

Jose Luis Landeta eta Mertxe Apolinarren lekukotasunak bildu ditugu. Urteak eman dituzte borrokan epaitegietan, euren lan gaixotasuna aitortua izan dadin.

Apirilaren 28a da gaur, Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna. LAB berriro irten da kalera, eta, aurten, ezkutuan dagoen arazo larri bati ikusgarritasuna eman diogu mobilizazioetan: lan gaixotasunei. Datua beldurgarria da: lan istripuz hiltzen den langile bakoitzeko 18 heriotza daude lan gaixotasunen ondorioz, Europako Batasuneko datuen arabera.

Mutuek, patronalak eta administrazioek ezkutatzen duten errealitate baten aurrean gaude; hori dela eta, lan gaixotasunak dituzten langileek gurutzebidea pasa behar dute euren gaixotasuna epaitegietan aitortu dezaten, aitortua izaten bada. Bi lekukotasun jaso ditugu gaiaren larritasuna irudikatzeko. Jose Luis Landeta eta Mertxe Apolinarrekin bildu gara, euren esperientzia ezagutzeko. Lehenak industrian egin du lan, beira sektorean; bigarrenak zerbitzu pribatuetan, garbitegi batean.

Landetak 73 urte ditu, eta eztarriko eta biriketako minbizia diagnostikatuta ditu. Laudioko Guardian enpresan egin du lan 28 urtez, antzinako Villosa lantegian. Amiantoaren biktima da. “Tenperatura altuekin egiten genuen lan eta, ondorioz, beroarekin batera, etengabeko kontaktua genuen amiantoarekin. Langileak arrisku bizian ginen, baita etxekoak ere, amiantoz kutsatutako arropa etxean garbitzeko orduan”, adierazi du.

51 urterekin, eztarriko minbiziagatik utzi zion lan egiteari. Baliaezintasunaren aitortza, ordea, ez zuen lan gaixotasunagatik jaso, osasun arazo arrunten bidetik baizik. Handik sei urtera, arnasa hartzeko zailtasun handiak sortu zitzaizkion. Biriketako minbizia zuen. Orduan, bai, borrokari ekin zion, bere gaixotasuna lan gaixotasun gisa aitortua izan zedin. Urte luzez borrokatu eta gero, duela gutxi jaso du aitortza: “Bost abokatu desberdin genituen kontra; mutuetakoak, enpresakoa… Oso etsigarria da, eta horrekin jokatzen dute, bidean gera zaitezen, borroka bukaera arte ez eramateko”.

Landetaren bizitza guztiz baldintzatuta dago. Medikamendu eta antibiotiko asko hartu behar ditu egunero, eta oso bizitza lasaia behar du eraman, arnasa hartzeko dituen zailtasunak direla eta. Komunean sortzen den kondentsazioak, esaterako, itolarrian utz dezake, baita kaleko paseo arrunt batek ere. Jasotzen duen pentsioaren zati bat tratamenduetarako erabiltzen du. Orain akupunturarekin dabil, gutxieneko bizitza kalitate bat lortze aldera. “Lankide ohi batzuk hil dira urte hauetan, amiantoaren ondorioz ere, inolako aitortzarik jaso gabe. Beste lankide batekin ekin nion epaitegietako borrokari, baina, momentuz, emaitza desberdinarekin”, azaldu du. Landetaren esanetan, mediku batek bere alde egin izanak ikaragarri lagundu zion bere auzian: “Medikuek onartzen dute zure gaixotasun, baina inor ez da bustitzen, inork ez du idatziz jartzen”.

Mertxe Apolinar iritzi berekoa da. Medikuak, mutuak, enpresak, administrazioa… bere iritziz, konplize asko daude lan gaixotasunak ez onartzeko jarrera sistematiko horretan. “Langileok ere erru asko dugu, ez borrokatzeagatik. Nire kasuan, gaixotasun arrunta edo lan gaixotasuna izateagatik ia pentsio bera jasotzen dut, baina kontua ez da gehiago edo gutxiago jasotzea, lanean gaixotzen ari garela erakustea baizik. Eta, horrela izanik, ez zait bidezkoa iruditzen Gizarte Segurantzak ordaindu behar izatea, guztion diruarekin, mutuei dagokienean hori”, esan du.

Apolinarrek 49 urte ditu, eta garbitegi industrial batean egiten zuen lan. Sei urtez egon zen bajan. Egunero, gutxienez, 3.000 kiloko pisua mugitu behar zuen. Lan horrek lesio larria utzi dio besoan, eskumuturrean, eta, ebakuntzak ebakuntza, guztiz desgaitua du orain, eguneroko bizitzarako ere. Beste eskumuturrean min handia du, eta ebakuntza beharko luke ere. Momentuz, ordea, oinazeari eustea nahiago du, ebakuntza batek bi eskuak desgaituak utziko bailizkioke: “Minak uzten didan arte aguantatuko dut”.

Apolinarrek ere gurutzebidea pasa du epaitegietan: “Lankide guztiek dituzte osasun arazoak, baina, hala ere, osasun arazo arruntak direla diote behin eta berriz. Kasualitatea da gero, langile guztiek tarak izatea…”.

Landetak eta Apolinarrek argi dute enpresek eta mutuek euren intereserako jokatuko dutela beti, borrokatu ezean. Modu sistematikoan ukatzen dute lanaren ondorioz eratorriko edozein gaixotasunaren jatorria: “Ez dizute kasurik egiten, burua beso azpian duzula aurkezten ez bazara”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.