2024-10-19
HomeEkintza SindikalaLizarrako langile baten heriotzak 48ra igo du Euskal Herrian aurten hildako langileen...

Lizarrako langile baten heriotzak 48ra igo du Euskal Herrian aurten hildako langileen kopurua

Gaur goizeko 10:45ak aldera leherketa handi bat izan da Lizarrako ardogintza sektoreko Agralco S. Coop enpresan. Horren ondorioz, Villatuertako Lamaison enpresako 56 urteko langile bat hil da, mantentze-lan industrialetan aritzen zena. Bertze heriotza honekin, gutxienez 15 langile hil dira aurten Nafarroa Garaian. LAB sindikatuak salatu nahi du foru erkidegoa Espainiako Estatuaren buruan dagoela lan istripuei dagokienez, eta exijitzen du Nafarroako Gobernuak lehenbailehen bere gain har ditzala lan ikuskaritzaren eskumenak eta beharrezko baliabideak jar ditzala enpresarien gaineko kontrola sakona eta eraginkorra izan dadin.

LAB sindikatuak bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lankideei eta gertukoei. Sindikatuak bildutako datuen arabera, langilea silo bat soldatzen ari zen leherketa handi bat gertatu denean, eta, ondorioz, hil egin da. LABek ikerketa zorrotza eskatzen du gertakariak eta horien ondorioz sor litezkeen erantzukizunak argitzeko.

Laneko heriotza berri honek, aste honetan Euskal Herrian izan den hirugarrenak, agerian uzten du gaitz sozial eta laboral hau eragozteko neurriak berehala hartu behar direla. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola; hau da, erakundeek lan-osasunari buruzko araudia benetan bete dadila eskatzea. Nahitaezkoa da patronalari lan osasunaren araudia betearaztea, behartzen ez bazaie, langileak zigorgabetasun osoz hiltzen baitituzte.

Lan Ikuskaritzak 10 ikuskatzaile baino ez ditu Nafarroa osorako; eta erkidego honetan, adibidez, 26.000 lan-istripu traumatiko erregistratu ziren 2023an. Argi gelditzen da, beraz, enpresariak lan prebentziorako legea betetzera behartzeko baliabideak ez direla batere nahikoak, eta horren ondorioak nafar langile klaseak ordaintzen dituela, hildako askorekin: 2018tik, batez bertze, 13 hildako urtean; aurten, eta oraindik urtea bukatu gabe dagoela, gutxienez 15 hildako.

Hil ala biziko kontua da. Nafarroako Gobernuak berehala eskatu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumenak bere gain hartzea, ahalik eta lasterren beharrezkoak diren baliabideak jartzeko enpresaburuak lan prebentzioaren inguruko araudi guztia betetzera eraginkortasunez behartze aldera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, Osakidetzak behar duen aldaketarako bermea

Osasun sistemak behar dituen erroko aldaketak sustatzeko palanka izan da LAB, eta bere indarra biderkatzeko aukera du orain, 10 urteren ondoren.

[IRITZIA]: Pobreak ez dira, aberatsak baizik

Jaime Iribarren Ekintza Sozialeko Nafarroako arduradunak iritzi-artikulua idatzi du, pobreziaz, pobretzeaz... eta aberatsez.

UDALHITZeko negoziazioetan parte hartuko dugu, baina irmotasunez jokatuko dugu jarrera aldaketarik ez badago

Gaur, hilak 17, aspaldiko partez, EUDELek udal administrazioan ordezkaritza dugun sindikatu guztiak deitu gaitu, banan banan, UDALHITZeko mahaia irekitzeko asmoa ofizialki adierazteko.LABek udal administraziorako...