Osasun sistemak behar dituen erroko aldaketak sustatzeko palanka izan da LAB, eta bere indarra biderkatzeko aukera du orain, 10 urteren ondoren.
Mobilizazio sindikal eta sozialari esker, osasun publikoaren gainbehera agerian geratu da azken urteetan. Hain da horrela, ezen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berak ere aitortu behar izan behar baitu osasun sistemaren egoera kritikoa. Osasun sistema publiko indartsu baten aldeko borrokan motorra da LAB, gauzak aldatu daitezen lanean ari da. LABek argi du: benetako aldaketarik izango bada, horrek langileen parte hartzearekin izan behar du, eta langile guztionarekin, bereizketarik gabe.
Osasun sistemak dituen egiturazko arazoak ez dira berriak, ordea, ezta horiei erantzuteko LABen proposamenak eta ekinaldiak ere. Lan itzela egin du: Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratazioak geratzea lortu du, 194,5 milioi eurokoak; langile faltari aurre egiteko eta plantilla egonkortzeko borroka egin du; lehen arretari premiaz erantzuteko eta autokontzertazioa baztertzeko beharraren etengabeko salaketa; langileen zein pazienteen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bete daitezen egindako lana… Ekimen propioz horrela dagokigunean, eta, elkarlana lehenetsiz beste sindikatu eta eragile sozialekin batera ahal den guztietan, Osakidetzak behar duen aldaketarako motorra izaten ari da LAB.
Berria dena beste hau da: Osakidetzan, 10 urte eta gero, hauteskunde sindikalak egingo dira. Osakidetzako langile gehienek ez dute inoiz hauteskunde sindikaletan parte hartu, ESIen sorreraren ondoren hauteskunde-eremu berriak negoziatzeko orduan zuzendaritzak ezarri izan duen blokeoagatik eta gertatzen ari den belaunaldi-aldaketagatik. Orain, baina, Osakidetzako langileek LAB bozkatzeko aukera dute, eta LABek Osakidetzan duen ordezkaritza handitzeko, sindikatuaren balioak islatzen dituzten hautagaitzen bidez; hautagaitza pluralak, kategoria guztietako ordezkariekin, eta, batez ere, ezagutzaz eta ilusioz betetako jendearekin.
EAEko administrazioan ordezkaritza handiena LABek du, eta, horri esker, administrazioaren mahai orokorrean eragiteko gaitasuna dugu. Hau da, Eusko Jaurlaritzan, Hezkuntzan, Lanbiden…. hauteskundez hauteskunde, bozka gehien lortu dituen sindikatua izateagatik, zer esana eta eragin gaitasuna dugu zerbitzu publiko guztietan langileon ahotsa entzun dadin. Kategoria zehatzetara mugatzen diren sindikatuek ez bezala, LAB erroko eraldaketak hauspotzeko palanka izango da. Gaitasun hori biderkatzeko aukera daukagu orain, langileen aldarrikapenak ozenago entzunarazteko eta horien alde eraginkortasun handiagoz borrokatzeko.