2024-12-18
HomeEkintza SindikalaUDALHITZeko negoziazioetan parte hartuko dugu, baina irmotasunez jokatuko dugu jarrera aldaketarik ez...

UDALHITZeko negoziazioetan parte hartuko dugu, baina irmotasunez jokatuko dugu jarrera aldaketarik ez badago

Gaur, hilak 17, aspaldiko partez, EUDELek udal administrazioan ordezkaritza dugun sindikatu guztiak deitu gaitu, banan banan, UDALHITZeko mahaia irekitzeko asmoa ofizialki adierazteko.

LABek udal administraziorako erreferentziazko hitzarmen on bat izatea aldarrikatu du betidanik. Horregatik, positiboki baloratzen dugu EUDELen aldetik adierazi duten jarrera aldaketa eta luzatu diguten deialdiari baietz erantzun diogu. Jarrera aldaketa honetan, baloratzen dugu eragin zuzena zan duela tokian toki zein sektore publikoan egindako dinamika mobilizatzaileak.

Hauxe izan da EUDELetik egin diguten proposamena:

– UDALHITZeko testu berriaren zirriborroa helaraziko digute. Bertan, eguneraketa legalak sartuta egongo dira. Sartu omen dituzte ere hainbat udaletan onartu diren hainbat aspektu.

– Gure aldarrikapenak zeintzuk izango diren eskatu dizkigute.

– Metodologia eta kronograma bat proposatuko digute.

LABen aldetik, benetakoa eta integrala izango den negoziazioa eskatu diegu. Ez dugu nahi UDALHITZen legediarekiko eguneraketa bat soilik. UDALHITZ berria eta loteslea nahi dugu, udal administrazioko langileen lan baldintzak hobetuko dituena eta beren beharretara egokitzen dena. Zentzu horretan, EUDELen dauden alderdi guztiei eskatzen diegu jarrera irmoa izan dezatela zerbitzu publikoak eta langileen eskubideak bermatuko dituzten lan baldintzak negoziatzerako orduan.

Orain arte, EUDELen, Espainiako Estatuak erabakitzen duenarekiko menpekotasuna egon da. Espainiako Gobernuaren esku daudelako gure lan baldintzen erregulazio asko. Horregatik, gure erabakitzeko eskubidea defendatzeko kemen politikoa agertzearen beharra adierazi dugu ere, aurreko ikasturtean burututako grebetan aldarrikatu dugun moduan.

Bitartean, bilera hauek hasi baino lehen, EUDELetik hurrengo gomendioa bidali zaie Udalei: tokian tokiko negoziazio mahaiak ez irekitzea.

LABen iritziz, UDALHITZeko negoziazioa 14 urtez blokeatuta egon eta gero, ez da modurik hoberena negoziazio prozesu hau hasteko. Blokeo horren eraginez, tokian tokiko negoziazioetara jo izan dugu, eta EUDELen lortu ez dena, Udal batzuetan lortu dugu ekintza sindikalari eta langileen inplikazioari esker.

LABek ez dio ekintza sindikal horri uko egingo, are gutxiago, UDALHITZeko mahaia ez dagoenean oraindik irekita, adostasunik izango dugun ikusteke dagoenean eta negoziaketa bera ez dagoenean oraindik abiatuta. Zentzu horretan, benetako jarrera negoziatzailea baldin badago, gomendio hori atzera bota beharko lukete. Horrela eskatu diegu.

Ikusiko dugu zer ematen duen mahai honek. LABek arduraz jokatuko du. Negoziazioetan parte hartuko dugu, baina irmotasuna adieraziko dugu jarrera aldaketarik ez badago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.