2024-10-16
HomeEkintza SindikalaLangile bi hil dira altueratik erorita egun berean

Langile bi hil dira altueratik erorita egun berean

Gaur goizean 2 langile hil dira altueretako erorketen ondorioz Euskal Herrian. Lehena 28 urtekoa, Nafarroako Olletan, telefonia poste batean igota, Movistarrentzako lanean ari den Elecnor enpresak era berean azpikontrataturik duen enpresa batentzako lanean ari zela. Bigarrena Loiun, 47 urteko langilea, Gecsa enpresaren azpikontrata batentzako desamiantatze lanean ari zela, teilatutik erorita. Bi hauekin, gutxienez 47 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Lehenik eta lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langileen senide, lagun eta lankideei.

Nafarroako Olletan telefonia poste zahar batean kobrea kentzen ari zen langilea, poste eta guzti erori da honek antza bere pisuari ezin eutsi, 8 metroko erorikoa eraginez. Iaz istripu hilgarri oso antzekoa gertatu zen Araban, honetan ere postearen egoera txarrak ez zuen langilearen pisua eutsi ahal izan. Bistan da beharrezkoak diren bitartekoak balitu ez zukeela postean zintzilik ibili beharko eta istripua ekidin zitekeela. Kasu hauetan Movistar- ek ez ditu altueretarako saskidun kamioi egokiak erabiltzen kostuak gutxitzeko, eta berriki hainbat santzio jaso ditu neurriak ez hartzeagatik. Dirudienez, merkeagoa zaie langilearen heriotza.

Gaur hildako bigarren langilea, azpikontrata batekoa zen eta Loiuko Gecsa enpresan teilatuan desamiantatze lanak egiten hastera zihoan. Atzo, lanak hasi baino lehen, LAB sindikatuaren delegatuek desamiantatze lanen inguruko informazioa ezagutzeko bilera eskatu zioten Gecsari, enpresak ukatu zuelarik. Gaur goizean, langileak 9 metroko erorikoa izan du eta bertan hil da.

Patronalak absentismo faltsu baten gezurra bolo bolo darabilen garai honetan, bere heriotz zerrenda beltza handitzen dihardu. Gaurkoekin, 47 langile hil dira honezkero Euskal Herrian urte hasieratik. Lanak eta prekaritateak eragindako istripu hilgarri hauen artean asko dira altueratik erorikoek eragindakoak, sinpleki enpresek lan osasunerako araudia betetzen ez dutelako.

Azken 10 urteetan, Euskal Herrian, gutxienez 81 langile hil dira altueratik erorikoen ondorioz, gehienak eraikuntzaren sektorean. Gaurko heriotzekin, 8 langile hil dira aurten arrazoi horrengatik.

Horrenbestez, eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, gaitz sozial eta laboral hori saihesteko neurriak hartu behar dira berehala.

Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola, lan-osasunari buruzko araudia bete dadin eskatzeko. Ezinbestekoa da patronalari lan osasunerako araudia betearaztea, izan ere ez bazaie behartzen, inpunitate osoz hiltzen gaituztelako.

Altueretako erorketen ondorioz gertatzen diren istripuak salatzeko, datorren ostegunean, urriaren 17an 11:00etatik aurrera, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde-HIRU eta CGT/LKN sindikatuok ekimena egingo dugu, Iruñeko Gazteluko plazan, “Patronalak amilarazten gaitu” lemarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Urriaren 21ean mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Tuteran “STOP genocidio, langileok Palestinarekin” lemarekin

Gernika-Palestina herri ekimenaren deialdiari erantzunez, LAB, ELA, CCOO (EAE eta Nafarroa), UGT (EAE eta Nafarroa), ESK, CGT/LKN, STEILAS, Solidari, EHNE Nafarroa, Etxalde eta HIRU sindikatuok ere mobilizazioak egingo ditugu datorren urriaren 21ean.
00:02:03

Zaintza eredua errotik aldatzeko eta sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak eman ditzan exijitu diogu Gipuzkoako Aldundiari

Ikasturte honetan ere publifikazioaren aldeko dinamikarekin jarraituko duela adierazi du sindikatuak. Hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiari zaintza eta gizarte zerbitzuen pribatizazioarekin amaitu eta zuzeneko kudeaketa publikoaren aldeko konpromisoa eta ardura eskatu dio.

[IRITZIA]: Etxeko langilerik ez eskubiderik gabe. Etxebizitza eskubidea denontzat

Mariana Urcuyok, LABeko etxeko langileen atal sindikalaren arduradunak, eta Cristian Urzainquik, LABeko sektore soziokomunitario kideak, gogoeta egiten duten gaur Gernikan salatuko dugun egoeraren inguruan.