2024-12-18
HomeEkintza SindikalaZaintza eredua errotik aldatzeko eta sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak eman ditzan...

Zaintza eredua errotik aldatzeko eta sistema publiko komunitarioaren aldeko urratsak eman ditzan exijitu diogu Gipuzkoako Aldundiari

Ikasturte honetan ere publifikazioaren aldeko dinamikarekin jarraituko duela adierazi du sindikatuak. Hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiari zaintza eta gizarte zerbitzuen pribatizazioarekin amaitu eta zuzeneko kudeaketa publikoaren aldeko konpromisoa eta ardura eskatu dio.

Gaur LAB sindikatua Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) aurrean mobilizatu da, berriz ere pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileen izaera publikoa aldarrikatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publiko komunitarioaren alde antolaturiko Greba Feministan Orokorrarekin bat egin zuen LAB sindikatuak, eta gaur, borroka honekin duen konpromisoan berretsi da. Ekintza ikusgarria egin dute, Gipuzkoa Plaza pintura morez margotutako urratsez bete dute zaintza sistema publiko komunitarioaren alde egindako bidea irudikatzeko. Hala ere, oraindik orain, bide luzea omen dago egiteke eta eragile sindikal, sozial eta politiko ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo dute.

Zaintza sektore feminizatuetako langileek urteak daramatzate LAB Sindikatuan antolatu eta askotariko borroka prozesuak pizten: etxeko langileek, etxez etxeko laguntzaileek, zahar egoitzetakoek, esku hartze sozialekoek, aniztasun funtzionalekoek… Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresa pribatuak, administrazio publikoaren babes politiko eta ekonomikoa dute eta lan baldintza prekarioez baliatzen dira negozioa egiteko. Su txikiak piztu ditugu, baita handiak ere, langileekin batera mobilizatuz eta helburu argi baten alde: Zaintza lanen pribatizazioarekin bukatu eta instituzioei zerbitzu horien kudeaketa zuzena har dezatela erdiesteko. Langileen asanbladak, elkarretaratzeak, hamaika lanuzte edota greba… horiek izan dira helburu hori lortzeko gauzatu dugun Ekintza Sindikalaren oinarriak.

Gipuzkoan ere, pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntzan ibilbide oparo eta luze bat izan dugu. Aurreko ikasturtean, historikoki defendatu izan dugun diskurtso sindikal eta politikoa praktikara lurreratzeko apustua egin dugu. Ondorioz, pribatizatutako zaintza zerbitzuen publifikazioa posible eta erreala dela egiaztatuko dugu, Ezker Independentistaren borondate politikoa bizitzak erdigunean jartzea delako. Aldiz, EAJ-PSE eta patronalaren arteko aliantzak negozia jartzen du erdigunean, lan baldintza eta zerbitzuaren kalitatearen kaletarako, horrela, logika pribatizatzaile eta merkantilista honek Gipuzkoako zaintza eta gizarte zerbitzuetako milaka langile prekaritatera kondenatzen ditu. Horregatik da urgentziazkoa eredu honekin lehen bait lehen bukatzea.

Aurreko ikasturtean, Gipuzkoako udal gobernu askorekin bildu ginen, pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzu ezberdinen inguruan gogoetatu, eta udalerriz udalerri, publifikazio prozesuak martxan jartzeko aukerak aztertzeko. Udalerri askotan etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintza kaskarren aurrean, bide orri ezberdinak diseinatzen ari gara eta legegintzaldi honetan, emaitza errealak gauzatzeko lanari eutsiko diogu. Langile guzti hauek lan publiko bat egiten duten arren, insituzio publikoek zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen esku uzten dute, langileak arlo pribatuan lan egitera behartuz; honen aurrean LABek proposamen konkretuak ditu eta zerbitzu hauen publifikazioa lortu arte borrokatuko du.

2025. urtean Gipuzkoako adinduen egoitzetako herrialdeko hitzarmenaren negoziazioari helduko diogu berriz. Argi dugu, adinduen egoitzetako langileok ere lan publiko bat egiten ari garela, eta administrazio publikoko langileekin pairatzen dugun arrakala gaindutu behar dugula. Gipuzkoako Aldundiaren erantzunkizuna izango da negoziazio honetan arrakala horiek apurtzea eta apustu politiko estrategiko bat egitea Gipuzkoako adinduen egoitzetako milaka langileon alde. LAB sindikatuak, administrazio publikotik zuzenean, enpresa pribaturik gabe kudeatu beharreko zerbitzua izan behar aldarrikatzen jarraituko du. Hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako arduradunari, 2016tik egin ez duen moduan, oraingo honetan egoitzetako langileon aldarrikapenak kontuan hartu ditzan eskatzen diogu.

Hau da beraz, une honetan, zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileon lan baldintzak hobetzearekin batera, eskaintzen ditugun zerbitzuen kalitatea hobetzeko jorratu behar dugun bideorria, ekiparaziotik abiatuz, pribatizazioarekin eta prekaritatearekin amaituko duen publifikazioaren aldeko ofentsiba! Bide orri honekin, instituzioek zor patriarkala aintzat hartu eta zaintza eredua goitik behera aldatu dezaten bultzatuko dugu, langile publiko eta pribatuen arteko arrakalarekin behin betikoz bukatuz, bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema publiko indartsu eta justu lortzeko.

LAB sindikatutik GFA interpelatzen dugu, premiazkoa delako zaintza ereduaren aldaketa sakon bat ematea, enpresa pribatuen negozioarekin bukatu eta gipuzkoarron dirua inbertsio publikora bideratzeko. GFAk badaki erantzukizun osoa duela eta euren politiketan aldaketak bultzatu ezean, aurrean izango gaituzte. Bestalde, bide honetan bestelako sindikatu, alderdi politiko, eragile sozial eta kolektibo ezberdinei, elkarlanerako deia ere luzatu nahi diegu. Gu prest gaude, Gipuzkoan eta Euskal Herrian, urratsez urrats zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko bidea egiteko.

Pribatizazioa zaintza langileon miseria, langile publikoak gara!

Gora langileon borroka!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.