2024-12-18
HomeEkintza SindikalaNafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eskatu dugu

Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eskatu dugu

1.600 euroko gutxieneko soldata eta 30 orduko lan astea ezartzea eta zerbitzu publikoak indartzea bilatzen duen Langileen alde kanpainaren barnean, LAB sindikatuak 300 delegatu baino gehiago elkartu ditu gaur Burlatako (Nafarroa) kultur etxean eginiko batzarrean. Ondoren, manifestazioan joan dira Iturrondo Nafarroako Enplegu eta Formakuntza Agentzia Integralaren egoitzaraino eta han Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eskatu du Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eta kritikatu du aldaketa instituzionala eman eta hamar urtera ez dagoela zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikorik.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaileak 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata eskatu du Nafarroarentzat, bizitzaren kostua Espainiako Estatuan baino handiagoa baita. “Gutxieneko soldata bat ezartzea posible da, lanbide arteko akordio baten bidez”, adierazi du. “Arazoa da CENek ez duela inolako interesik horretarako. Eta negoziatzera eseri dadin CENi presio egin beharrean, Nafarroako Gobernuak enplegu plan bat iragarri du, langile klasearentzat funtsezkoa den gai hori alboratzen duena”.

Arroyoren ustez, hemendik gutxira aurkeztuko duten Nafarroako enplegu plan berria “edukirik gabeko akordio bat” da, “aldeek bete beharreko neurririk gabea”. “Ez dio batere mesederik egiten langileriari. Nafarroako patronala behartu beharra dago, borroka sindikalaren eta presio instituzionalaren bidez, gutxieneko soldata igo, soldata-arrakala ezabatu, lanaldia murriztu eta baimenak luzatzera”.

Ildo horretan, Arroyok bere hitzari huts egin izana aurpegiratu dio Maria Txibite lehendakariari: “2020an, LABek eta beste sindikatu batzuek deitutako greba orokorraren ondoren, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuen Txibitek. Bada, ez dugu konpromiso horretaz ezer gehiago jakin. Txibitek bere hitza jan du. Eta orain, Euskal Autonomia Erkidegoan gai horri buruz eztabaidatzen ari diren bitartean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen du, arazoa berbera denean: Espainiako Estatuko gutxieneko soldatarekin ez dago hilaren amaierara iristerik Hego Euskal Herrian”.

Era berean, Arroyok lanaldia murriztea eta lizentziak nahiz baimenak zabaltzea eskatu du, enplegua eta zaintza bateratu ahal izateko: “Enpleguan dagoen arrakala eta zaintzan dagoen arrakala, biak ala biak dira ezabatu beharrekoak. Hau da, emakume* langileei gizonen lan-baldintza berberak bermatu behar zaizkie. Eta gizon langileok erantzukizun berberak hartu behar ditugu zaintza lanei dagokienez”.

Azkenik, Arroyok zerbitzu publikoen egoera aipatu du: “2015eko aldaketa instituzionala gertatu zenetik hobekuntza partzial batzuk izan dira, batez ere ekintza sindikalari esker: administrazioan mileurismoa ezabatu da, Osasunbideko osasun langile guztiei aitortu zaie karrera profesionala, azpikontratetan klausula sozialak ezarri dira, Esku-hartze Sozialerako Nafarroako lehen hitzarmena sortu da, zerbitzu jakin batzuk publifikatu dira… Baina, ikusita, hamarkada bat geroago Irakaskuntzako sindikatu guztiak grebara joan direla ratioen hobekuntza eskatuz, Osasunbideko itxaron-zerrendak inoiz baino luzeagoak direla edota etxebizitza eskuratzeko eskubidea urratzen dela, premiazkoa da zerbitzu publikoak garatzeko hausnarketa eta apustu estrategikoa egitea. Osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza dira indartu beharreko lau zutabe nagusiak. Eta lau zutabe horiek finantzatzeko, kapitalaren errenten pribilegio fiskalekin amaitu behar da”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoak indartzeko, aurrekontu duinak exijitu ditugu Hegoaldeko bi parlamentuen aurrean

LAB Nafarroa Garaiko eta EAEko parlamentuen aurrean mobilizatu da aurrekontuen bozketen bezperan. Nafarroarako zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurrekontuak salatu ditugu, ez baitira zerbitzu publikoak indartzeko baliatu, ezta langileen aldeko neurriak ezartzeko erabili ere. Horregatik, politika publikoak erabat aldatu behar direla aldarrikatu dugu.

Egunero izan beharko luke migratzaileen eguna, eskubideekin eta aukerekin

Gaur abenduaren 18a da, Migratzaileen Nazioarteko Eguna. LABen uste dugu migratzea bizitzaren zati bat dela. Txoriek migratu egiten dute, ibaiek migratu, eta pertsonek ere bai. Sinetsarazi nahi digutenetik urrun, migrazioa ez da fenomeno naturala, azalpenik gabe, ezerezetik sortzen dena.

Gaur Eusko Jaurlaritzak ahoa beteta baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publikoen eskaintza berezi bat

Hogei egun igaro dira EAEko Mahai Orokorraren bilera egin zela, non sindikatuok beste behin ere enplegu publikoa negoziatzearen beharra errepikatu genuen, eta betiko begirune faltarekin, inoiz iristen ez den “hurrengo baterako” gelditu zen.