2024-11-22
HomeEkintza SozialaSistema justu eta duin baten alde mobilizatu gara Baionan

Sistema justu eta duin baten alde mobilizatu gara Baionan

1000 bat pertsona bildu gara Lapurdiko hiriburuko karriketan gure aldarrikapenak aitzina eramaten jarraitzeko: lansarien igotzea, gure zerbitzu publikoen berpiztea eta erretreta 64 urterekin hartzearen indargabetzea.

Joan den ekainean eta uztailean denok mobilizatuta egon ginen eskuin muturraren iragarritako botere hartzea porrotera eramateko. Ondoko asteetako ikusgarria lotsagarria izan zen: botereari kosta ahala kosta loturik egon nahi zuen Macronek hameka tratu, azpijoko eta jukutria adostu zituen RN alderdiarekin. Eta hori, helburu bakar batekin: kalean eta bozekin etengabe aldarrikatzen ditugun justizia sozialeko neurriak zapuztea.

Azken hauteskunde legegileen emaitzen kontra joanez, ustezko zentroko, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak ados jarri dira gutxi batzuen eskuetan aberastasunak metatzeko politikak indarrean matentzeko.

Guk bakarrik ahots koherente eta aurrerakoia bermatzen dugu nahasmenduorokor honetan.  Krisi ekonomikoa, krisi soziala, krisi ekologikoa, aurrekontu krisia, krisi demokratikoa: ezerk ez du geldiaraziko kapitalismo globalizatuaren asmosuntsitzailea, salbu gai horien gainean benetako indar harreman bat ezartzeko dugun borondatea eta gaitasuna: Macron erretreten erreformaren indargabetzea, lansarienigoera, zerbitzu publikoen garapena. Herritarrentzat funtsezkoak diren gai horietako bakoitzean garaipenak atera ditzakegu, eta, azkenik, langile klaseentzat perspektibak ireki.

Hilabetez hilabete, asteak joan eta asteak etorri, hamar milaka manifestari egon gara hemen bertan, 64 urterekin erretreta hartzeari uko egiteko. Macron presidenteak, modu autoritarioan indarrera pasatzean, bere zilegitasun guztia xahutu du. Gorpuzten duen proiektu liberal autoritarioa lurrean dago: erretreten erreformaren indargabetzea irabaz dezakegu gaur!

Badu 3 urte gure lansariak, pentsioak, bekak eta gutxieneko laguntza sozialak apaltzen doazela inflazioaren ondorioz. Milaka milioi diru publiko ultra aberats gutxi batzuek bereganatzen duten une honetan, langileon probretzea inoiz baino onartezinagoa da. Gure aurreko mobilizazioei esker, lanaren gaia eta ekoitzitako aberastasunaren banaketa herritarren kezken erdigunean kokatu dira. Lansari-zorroztasunari aski! Indize puntuaren izozteari aski! Erretreta-pentsioen eta minimo sozialen murrizketari aski! Gaur egun, ezinbestekoa da kapitalak langile, langabetu, gazte eta erretiratuen gainean eragiten duen tinkaldia askatzea, gure diru-sarrerak handitu daitezen eta gure gizarte-babeseko sistemak guztiontzat ibiltzen segi dezan.

Azken urteetan, garraioan, osasunean, hezkuntzan, lurralde funtzio publikoanedo medikuntza sozialean, mobilizazioek gure zerbitzu publikoen hondatze egoera agerian utzi dute. Michel Barnierren gobernu bidegabeak gastu publikoaren murrizketa masiboa ikusten duen une honetan, hots ospitalean, eskolan, garraio edo energia sektoreetan zorroztazun berriak, diru eta giza baliabideen beharra aitzinean kokatu behar dugu, zerbitzu publikoek berriro ere beren rola bete dezaten biztanleria osoan.

Gaur, urriak 1, Michel Barnierren Gobernu ez legitimoak Estatuaren eta Gizarte Segurantzaren aurrekontuei buruzko norabideak aurkeztuko ditu Legebiltzarrean.

Inposatu nahi diguten austeritatea gaitzesten dugula ulertarazteko gaude hemen.Eskuina eta eskuin muturra asetzeko proposatuko dituzten immigrazio arloko neurrietan ez dugu sinesten. Langile klaseen funtsezko eskaerei erantzuteko eta gure egoera sozialari hats berri bat emateko, aterabide bakarra: aberatsenei eta enpresa handiei egindako opari fiskalak amaitzea.

Norabide liberal autoritarioak jada ez du zilegitasunik: gaur, gibelarazi behar dugu, eta prekarietatea pairatzen duten pertsona guztiei aukera berriak zabaldu, eraman beharreko ezinbesteko trantsizio ekologikorako, gure gizarte-eredua eta gure zerbitzu publikoak babesteko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.