LABek jakinarazi nahi du Gasteizko Epaitegi batek Mercedeseko langile baten kaleratzea bidegabekotzat jo duela, enpresak egin zizkion aldi baterako kontratuak iruzurrezkoak zirelakoan. Zehazki, epaileak ebatzi du bere kontratuen jatorria ez zegoela enpresaren momentuko egoerari lotuta, baizik eta behar iraunkorrari erantzuten ziola eta hortaz, kontratu mugagabea egin behar ziola.
Epaia tinkoa ez bada ere, pisuzko argudioak jasotzen ditu bidegabeko kaleratzetzat jotzeko. Honekin batera, langilearen esku uzten du dagokion kalteordaina jasotzea edo enpresara bueltatzea, LABeko delegatu sindikala baita.
Hortaz, azpimarratu nahi dugu, “kasualitatez” bere lerroko langile ebentual guztiei, berari izan ezik, kontratu mugagabea egin zietela. Are gehiago, azken kontratua amaituta kaleratu zuten, lanarekin zerikusia ez duten arrazoiak zirela-eta.
Beraz, Mercedeseko iruzurrezko kontratazioa beste behin ere agerian gelditu da. Izan ere, 2016ko abenduan Lan Ikuskariak 550 behin-behineko langileri kontratu mugagabe egitera behartu zuen enpresa, eta ordutik erakunde honek bere lanari betetzeari uko egin badio ere, epaitegiak behin eta berriro berresten ari dira enpresa Mercedesek kontratazioan egiten duen iruzurra.
Honenbestez, LABek lanean jarraituko du arlo guztietan Mercedeseko kontratazio eredua aldatzeko: lanpostu estrukturaletan kontratu mugagabea egiteko, aldi bateko kontratuen inguruan bermeak eskaintzeko eta inolako kolektibok edota pertsonak (genero, jatorri edota ideologia arrazoiengatik edo langile berria izateagatik) diskriminazioa ez sufritzeko. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu pasa den azaroan Batzar Nagusiek honi buruz posizio argia erakutsi zutela eta otsailean bertan Gasteizko Udalak aho batez onartu zuela LABek eta IPAR-HEGOA Fundazioak aurkeztutako mozio bat, kontratazioan dauden iruzurra eta diskriminazioa ezabatzeko. Beraz instituzio hauei ere dei zuzena egiten diegu gai honetan esku hartzeko.