2024-11-21
HomeEkintza PolitikoaEuskal preso bati langabeziarako eskubidea aitor diezaioten lortu dugu

Euskal preso bati langabeziarako eskubidea aitor diezaioten lortu dugu

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du LAB sindikatuak jarritako helegitea langabeziarako eskubidea ukatu zioten euskal preso baten kasuan. Hala, atzera bota du aurrez Bilboko epaitegiak emandako epaia, zeinak ez baitzion langabeziarako eskubiderik aitortzen kaltetuari. Epaia behin-behinekoa da.

Hirugarren graduan dagoen euskal preso baten aldekoa da epaia. 2002an espetxeratu zuten, eta hirugarren gradua eman zioten 2023ko otsailean. Hala dago egun, eta 2028an geratuko da aske zigorra osorik betez gero. Espetxean zegoen bitartean, aipatutako presoak Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziaren bidez lana egin zuen espetxean bertan, urtebete baino gehiago iraun zuen epealdian. Egindako lan horrengatik langabezia eskatu zuen behin hirugarren gradua eskuratutakoan, baina ukatu egin zioten. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak horretarako eskubidea aitortu dio.

Auzitegiak dio Espainiako Konstituzioak berak aitortzen diola ezein presori ordainpeko lanerako eskubidea eta horren ondorioz Gizarte Segurantzaren onurak jasotzekoa, inolako salbuespenik gabe. Aipatutako kasuan, langabeziarako eskaera presoak espetxean egindako lanean zegoen oinarrituta. Behin hirugarren graduan, ordea, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak ukatu egin zion presoari langabezia.

Horretarako arrazoirik ez zegoela ebatzi du orain epaitegiak, eta presoari eskatua zuen langabeziari dagokion ordaina emateko agindu du, baita epealdi horretan langabezia jaso izana aitor diezaioten ere.

LABek positiboki baloratzen du epaia, presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean urratsa baita, eta aurrekari izan baitaiteke bide horretan. Beste edozein herritarren moduan, presoek ere badute lanerako eskubidea, eta baita, horrenbestez, Gizarte Segurantzara sarbidea izatekoa ere. Justizia sistema ez punitibista baten oinarrietako bat behar luke presoari bere bizi proiektua garatzeko oinarrizkoak dituen eskubideak aitortzeak, eta horren alde lanean jarraituko du LABek. Zentzu berean, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak amaitzeko eskatzen du.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko...

EH Bilduk “Nazioa Gara” lelopean larunbat honetan deitu duen manifestaziora ordezkaritza bidaliko dugu

EH Bilduk nazio manifestaziora deitu du larunbat honetan, Euskal Herria nazio bat dela eta horren araberako eskubideak dagozkiola aldarrikatzeko. Eskubide horien artean dago, besteak beste, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea; euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea.