2024-09-12
HomeEkintza SindikalaEuskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek

Euskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek

Azkenaldi honetan, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak.

EAE osoan gertatzen ari den eraso horietatik Gipuzkoako Foru Aldundia bera ere ez da libratu, bere egunean Uliazpiko gertakariek argi eta garbi erakutsi zuten moduan. Hori dela eta, Aldundiko langileek mobilizazioa egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean, beste eraso juridiko baten atarian gauden honetan. Oraingoan, zaintzaile lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako epaiketa izan da.

Etengabe indartzen doan oldarraldi juridiko horri galga jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz.

Adituek zenbait proposamen mahaigaineratu dituzte. Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe oldarraldiak ez baitu etenik izango.

Norberak bere ardura politikoak hartu behar ditu. LABek garbi dauka langileak euskaraz lan eta bizi daitezen neurriak bultzatzea dagokiola, eta euskal klase politikoari hori posible izan dadin beharrezko neurri legalak hartzea dagokio.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Igor Arroyo: “Hemengo patronalari komeni zaio soldatak Espainiako Estatuko gutxieneko soldataren arabera ordaintzea”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra elkarrizketatu du gaur goizean Naiz Irratiko Peli Lekuonak. Fiskalitateaz edota Osakidetzaren egoeraz eta sortu berri den mahaiaz aritu da, besteak beste, eta sindikatuak ikasturtean zehar izango dituen zenbait helburu eta lan-ildo aipatu ditu.

Nafarroako zahar egoitzetako patronalen azken proposamena arbuiatu du LABek, lotsagarria iruditzen zaiolako

Nafarroa Garaiko zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmena izan beharko lukeenaren negoziazio mahaia gaur arratsaldeko lehen orduan batzartu da berriz, eta bertan patronalek beren azken proposamena aurkeztu dute. LAB sindikatuak proposamen hori lotsagarritzat jo du, bertzeak bertze, bi urteko indarraldia planteatzen duelako soilik eta, gainera, 2026ko baldintzak finkatu gabe uzten dituelako Gobernuaren eta patronalaren arteko balizko negoziazio baten kontura, eta horrek langileak lan baldintzen inguruan negoziatzeko eskubiderik gabe utziko lituzkeelako.

EHUk finantziazio eta erabaki egokiak behar ditu

Ikasturte hasierako ekitaldiaren bueltan mobilizazioa egin dugu Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusean, eta langile guztientzako lan-baldintza duinak, behar besteko finantzazioa eta antolaketa eta, azken finean, kalitatezko hezkuntza bermatzeko bitartekoak exijitu ditugu.