2024-11-21
HomeEkintza SindikalaNafarroako Industria legean kalitatezko enplegua eta aberastasunaren banaketa bermatzeko anbizioa erakusteko eskatu...

Nafarroako Industria legean kalitatezko enplegua eta aberastasunaren banaketa bermatzeko anbizioa erakusteko eskatu dio LABek Gobernuari

Gaur goizean agerraldia egin du Mikel Irujo Industria kontseilariak datorren Industria legearen prestaketan egindako azken aurrerapenen berri emateko. Horrelako agerraldien titular arranditsuez landara, LAB sindikatuak foru legearen behin betiko zirriborroa jasotzeari itxaronen dio, behar bezala aztertu eta baloratzeko, baina ohartarazi nahi du Industria Federazioko delegatuak aktibatuak dituela Nafarroako Gobernuari exijitzeko sektorean trantsizio ekologiko baten bidean jar dadila, sektorearen etorkizuna bermatuko duena, kalitatezko enplegua defendatuko duena eta aberastasuna banatuko duena.

LAB sindikatuak hilabeteak daramatza azpimarratzen aukera badagoela Nafarroako gehiengo sozialaren egungo egoera hobetzeko, etorkizuneko erronka handien aurrean egiturazko aldaketak gauzatzeko anbizioa aldarrikatuz. Eta egungo egoera hobetzeak esan nahi du atzean utzi behar direla jarrera autokonplazienteak, eta aurrera egin behar dela Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak duintzeko bidea. Horregatik, positiboa da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Mikel Irujo Industria kontseilariak ere legegintzaldi honetako lehentasunei aurre egiteko anbizioaz hitz egiten hastea.

Industria indartzea eta eraldatzea da lehentasun horietako bat, sektorearen etorkizuna horren esku baitago. Horrela, LABek egoki eta estrategikotzat jotzen du sektorearen beharrezko trantsizio ekologikoari ekitea etorkizuneko Industriari buruzko foru legearen inguruko eztabaidaren bidez, Nafarroako ekonomian, lurraldean eta langileengan duen pisua kontuan hartuta.

Nafarroako Gobernuak eskura ditu hilabete hauetan LAB sindikatuak egindako ekarpenak eta lana. Ekainean, LAB sindikatuko Industria Federazioko dozenaka delegatuk beraien konpromisoa eta determinazioa erakutsi zuten, sektorearen etorkizunari eta haien lanari balioa emateko. Orain, Nafarroako Gobernuak erakutsi behar du baduela anbizioa, beti aseezinak diren enpresariek jartzen dituzten zailtasun eta oztopoen gainetik, kalitatezko enplegua bermatuko duten aldaketak ezartzeko eta Nafarroako industriako milaka langileek sortzen duten aberastasuna behar bezala banatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.

Mobilizazioak gaur EAEn, kalitatezko hezkuntza helburu, publikoa indartzea eta inbertsioa handitzea eskatzeko

Mobilizazioak 17:30ean izango dira, Donostian (Alderdi Eder), Zumaian (Saregileen plaza), Orereta (Herriko plaza), Eibar (Untzaga plaza), Bilbon (Plaza Zirkularra), Barakaldon (Anaien parkea), Durangon (Ezkurdi plazan), Gernikan (Merkurio plazan), Igorren (Biribilgunean), Algortan (Fadura LHII Lanbide Hezkiketako ikastetxean), Gasteizen (Arka plazan) eta Laudion (Herriko plazan).