2024-08-29
HomeEkintza SindikalaLan istripuen kontrako protokolo intersindikala aurkeztu dugu Ipar Euskal Herrirako

Lan istripuen kontrako protokolo intersindikala aurkeztu dugu Ipar Euskal Herrirako

LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuok Ipar Euskal Herrian lan istripuei aurre egiteko lehen protokoloa publiko egin dugu, Donibane Lohitzunen egindako agerraldian.

Lau sindikatuok hainbat mobilizazio antolatu ditugu azken 3 urte hauetan heriozko lan istripu bakoitza salatzeko. Guretzat ezinbestekoa da agerian uztea hain oihartzun gutti duten lan istripu guzi horiek. Arruntak, larriak, oso larriak edota hilkorrak izan, lan istripuak ezin ditugu ohiko bilakarazi.

Azken urteetan mobilizatu gira hilak eragin dituzten lan istripuen aitzinean, nahiz eta jakin beste hainbat istripu oharkabean pasatzen direla.

Hortaz gure protokoloa Donibane Lohitzuneko Prado jatetxearen aitzinean aurkeztea erabaki dugu. Izan ere, duela justu lau urte, hiru langile larriki erreak izan ziren bertan. Aurtengo apirilaren 9an, hau da lau urte berantago, garaiko enpresaburua eginbeharrak ez betetzeagatik kondenatua izan dela jakin dugu, nahiz eta ia inork horren berri ez izan.

Protokolo honen bitartez ahal bezain bat langileentzat tresna eskuragarri bat sortu nahi dugu enpresetara modu pedagogikoan iritsi ahal izateko. Lan istripuen aitzinean erantzunak automatizatzea eraginkortasunean lagungarri izan daitekeela pentsatzen dugu. Intersindikalean eginez gero, denbora aurreztu eta lan istripuen aitzinean erantzun egokia emateko parada emango digu.

Hitz guttitan laburbiltzeko, protokoloak lan istripuak agerian jartzeko edo ikusgai izaiteko parada emango digu larrienak eta heriotza dakartenak salatuz. Entrepresetan lan istripuak ekiditzeko asmoz langileak sentsibilizatu nahi ditugu eta bide batez langile eta sindikatuen arteko harremanak sortu edo sendotu.

Hemendik aurrera lau sindikatuok protokolo hau banatzen hasiko gira gure delegatu zein gure sindikatuetatik kanpo diren delegatuei. Langileei dei berezia egiten diegu alde batetik protokoloa irakurri eta barneratu dezaten, bestalde haien enpresan lan istripu baten aitzinean isolaturik izanez gero, gurekin harremanetan jartzea ere eskatzen diegu.

Azpimarratu nahiko genuke dokumentu hau dokumentu ireki bat dela eta beste sindikatuak juntatzeko aukera dutela nahi izanez gero. Hobetzeko eta garatzeko aukera eman behar diogu protokolo honi.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

24 ordutako lanuztea eta mobilizazioa Aralar paper lantegian laneko azken heriotzaren aurrean

Abuztuaren 26an Amezketako Aralar paper lantegian lan istripua izan eta larri zauritu zen langilea hil egin da gaur. P.R.C. 30 urteko Ibarra Argi Lanak enpresako langilea, mantenu lanak egiten ari zen Aralar paper enpresan, istripua izan eta lau egun beranduago hil da. Azken honekin, 38 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

Muriba Construccion enpresako langileak kalera atera dira euren lanpostuen eta soldaten defentsan

Muriba Construccion SL enpresako langileek kontzentrazioa egin dute Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregiaren aurrean. Adierazi dute obra hau, egiten ari diren gainontzekoak bezala, Nafarroako Gobernuak ordaintzen diola beren enpresari, eta honek hainbat hilabetetako soldatak zor dizkiela.

Belaunaldi Erreleboko Planerako eta enplegu banaketarako akordioa sinatu dugu Gipuzkoako Foru Aldundian #LortuDugu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak, zeinetan LAB den lehen indarra, akordio bat lortu du bertako gobernuarekin, erakundearentzako irismen orokorreko lehen lan-akordioa 2010az geroztik. Horrek amaiera ematen dio EAEko beste aldundiekiko konparaziozko bidegabekeria historikoari. Foru plantilla zahartzen ari den testuinguru honetan, eta sektore publikoan errelebo-kontraturik ez dagoenez, enpresa pribatuetako langileei bai aplikatzen zaiena, plan berri honek belaunaldi erreleboa sustatzen du, enplegua banatuz eta langileek metatutako ezagutzaren transferentzia bermatuz.