Ilargi Angulo Elduayen Nafarroako LABeko enpresa publikoen arloko arduradunaren iritzi-artikulua.
Denok dakigu zein zen duela hilabete bat dimisioa eman zuen Miguel Servet Fundazioko zuzendariak defendatzen zuen postura, bai eta zenbat eta zenbat saiakera egin zituen ere Osasun Sailari ikusarazteko entsegu klinikoen kudeaketa Idisnara pasatzeak zer ondorio ekarriko zituen. Hori gauzatuz gero, gastu publikoarekin egiturazko bikoiztasunak sortzeaz gain, Fundaziorako BEZaren aurrezkia arriskuan jarriko litzateke, eta horrek baliabide publikoak CUN eta CIMA bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea ekarriko luke. Hori ikusirik, erraz uler liteke pertsona oso deserosoa zela Osasun Departamentuarentzat. Gainera, orain arte egindako urratsetan atzera egiten saiatu beharrean −duela hilabete batzuk Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Onen Bulegoak gomendatu zuen bezala−, Miguel Servet Fundazioa edukiz husteko bideari tinko eusten dio.
Horregatik argi utzi nahi dugu LAB sindikatuarentzat dimisio hau bide berean egindako beste urrats bat gehiago dela, Departamentuak ikerketa biomedikoko erakunde pribatuei mesede egiteko duen asmoa gauzatzeko bidean, arlo publikoaren kaltetan, noski. Eta dagoeneko urtebete daramagu hori salatzen.
Errealitatean, sistema eta profesional publikoek parte hartze subsidiarioa izaten dute sare pribatuko ikertzaileek buru dituzten proiektu askotan (pazienteak errekrutatuz, adibidez). Idisnan talde «mistoak» sortzeak, hasierako desabantaila horren bilakaera aztertzeko borondaterik ez badago, desoreka horiek ezkutatu egingo ditu lankidetza publiko-pribatua deitu duten alfonbra horren azpian. Gogora dezagun, bidenabar, Carlos III.a Osasun Institutuak exijitu zuenez, Idisnaren helburu nagusiak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ikerkuntza handitzea izan behar duela, bai kantitatez bai kalitatez. Baina tamalez, hori ez dator errealitatearekin bat.
Osasun Departamentua etengabe ari da bere burua zuritu nahian, behin eta berriz errepikatuz ahal duen guztia egiten ari dela ikerketa biomediko publikoaren eta bere ikertzaileen alde, baina errealitatean ez dugu halakorik ikusten. Nafarroan ikerketa biomedikoko proiektuak finantzatzeko erabiltzen den diru publikoaren aurrekontuetan desoreka handia dago, eta hori geldiarazi beharrean, elikatzen jarraitzen dute Idisnaren bidez, zeina alderdi pribatuak gidatzen duen. Nafarroako Gobernuak emandako azken deialdietako datuei erreparatzen badiegu, aise ikusiko dugu erakunde publikoen ikerketa biomedikorako emandako euro bakoitzeko, batez beste, 4,4 euro eman zaizkiela erakunde pribatuei, dela proiektu estrategiko moduan, dela doktoretza aurreko beketan.
Edonork justifika lezake hori, esanez kalitate txikiagoa dagoela ikerketa publikoko taldeak finantzatzeko eskaeretan. Gu ez gatoz bat argudio horrekin, baina, onartzera ere, horrek honako beste galdera ekarriko luke: zer egiten ari da Departamentua kalitate-desberdintasun hori gainditzeko? Arlo publikoa babesten ez badu, ez al da talde pribatuen eta publikoen arteko desberdintasuna areagotzearen alde ari?
LABek dei egiten die Navarra Biomed-eko zuzendaritza berriari, Kontseilaritzari eta Nafarroako Gobernuari pribatizazio prozesu hau geldiarazi, ikerketa biomedikoaren aldeko apustu sendoa egin eta ikerketa publikoko institutu baten bideragarritasuna berma dezaten.