2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaSiemens-Gamesak enplegua sortu behar du, ez suntsitu

Siemens-Gamesak enplegua sortu behar du, ez suntsitu

Enpresak hasieratik enplegua suntsitu nahi zuen Enplegua Erregulatzeko Espediente baten bidez; eta horixe lortu du, hain zuzen. Enplegua Erregulatzeko Espediente baten bidez 226 langile bidaliko dituzte lanetik, horietatik erdia baino gehiago Hego Euskal Herrian.

Hau guztia inolako gatazkarik gertatu ez dela eta UGT, CCOO sindikatuen adostasunez egin da. ELAk azkenean ez du sinatu eskatzen zuen enplegu bermea ez duelako lortu, baina EEE-arekin ados zegoen. 266 langile kaleratu ondoren, enplegu bermeaz hitz egiteari broma lazgarria deritzagu. Sindikatu hauek enpresan langilerik ez zegoela sobera eta greba mugagabea aldarrikatzetik, haien oniritziaz 226 langile sobera daudela esatera igaro dira. Horixe bai dela aldaketa!

LABen ustean, ezetza ezetza da. LABek iruzurra egin zaiola sentitzen du, beste sindikatuekin batera mobilizatu zelako, oso ideia argia adierazten zuen pankarta baten atzean: Siemens-Gamesan ez dago inor sobera! Arrazoiz bustiak gaude haren alde egiteko:

-Begien bistakoa dirudien arren, gogora ekarri behar dugulako Gamesa eta Siemens enpresak ez daudela krisian, aitzitik, hazten ari diren bi enpresa erraldoiak direla. Zehaztearren, Gamesak iaz fakturazio eta irabazi errekorra izan zuen (301 milioi euro, iaz baino %77a gehiago).

-Duela 6 hilabete eskas fusionatu ziren “hazkundeari” eusteko, berriro nabarmendu ostean eta erakundeen laudorioen artean, enplegua ez zela kaltetuko.

-Gamesako akziodunek 1.045 milioi euro eraman zuten euren poltsikoetara enpresa saltzearen ondorioz. Gero, hedabide jakin batzuetan aditu behar izaten dugu “luxuzko” borondatezko bajak hitzartu direla langileentzat.

-Egiaztatu da langilerik ez zegoela sobera. Enpresak ez du justifikatu, agertu dituen neurrien beharra, ez eta haien eragina ere. Berdin zaio lanpostuaren izaera nahiz lantoki bakoitzean egin daitekeen banaketa ere. Kopuru bat lortzea zen haien helburu bakarra, nortzuk eta nondik datozen axola barik.

-Enpresak, joan den hilean, bere plan estrategikoa iragarri zuenean, dibidenduak banatzen jarraituko duela adierazi zuen.

Siemens-Gamesak, bere sektorean duen garrantzia dela eta, Euskal Herrian, kalitateko enplegu sortzaile bilakatu behar du; ez, ordea, enpleguaren suntsitzaile. Sindikatuok, aldiz, enplegua babestu behar dugu, ez dezakegu haien suntsipenean lagundu. Ezin dugu ontzat eman enpresaren jarrera arduragabea. Ez dezakegu onartu, gutxi batzuk, askoren langabeziaren bizkar, aberasten direlako.

Egoera horren aurka orain arte aritu ez dena, nekez egingo du etorkizunean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.