2024-11-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakume-kate bat egin dugu Gasteizko Legebiltzarreraino, talde politikoek soldata arrakalaren arazoari hel...

Emakume-kate bat egin dugu Gasteizko Legebiltzarreraino, talde politikoek soldata arrakalaren arazoari hel diezaioten eskatzeko

LABek Emakumeen Batzarra egin du gaur Gasteizen, Villasuso Jauregian. Bertan, martxoaren 8ko greba feministari atxikimendua eman diote bertaratutakoek eta, besteak beste, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaren arazoa izan dute hizpide. Hain zuzen ere, bilera amaitu ondoren, bildutakoek emakume-kate bat egin dute Aihotz plazatik Legibiltzarreraino, “Gure lanak balioa du 7.680 euro gutxiago. Emakumeok* planto” lemapean. Behin Legebiltzarrera iritsita, idatzi bana erregistratu dute ordezkaritza duen talde bakoitzarentzat, soldata arrakala gainditzeko ekimenak Legebiltzarrean landu ditzaten.

Garbiñe Aranburuk adierazpenak egin ditu, emakume-kateari hasiera eman aurretik. LABeko idazkari nagusiak egoeraren berri eman du. Hain zuzen ere, pasa den otsailaren 1ean, guztiz ez nahikoa iruditzen zaigun genero desparekotasuna eta lan merkatuaren inguruko Legez Besteko Proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak alderdi politiko guztien aldeko botoarekin. Jaurlaritzak 6 hilabeteko epean ekintza plan bat aurkezteko konpromisoa bereganatu zuen eta sindikatuak, patronalarekin batera, mahai baten bueltan eseri ginen arrakalaren inguruko eztabaida egiteko. Lehenengo bilerak gure kezkak biderkatu besterik ez ditu egin. Confebaskek ez du auziari benetan begiratzeko inolako asmorik eta Jaurlaritzak ez du Confebaskek urratsak eman ditzan patronala estutzeko inolako borondatetik. Hitz hutsak, eztabaida antzu bat egiteko. Hori da ikusi genuen bakarra.

LABeko ordezkariek 250 enpresa baino gehiagotan sartu dugu soldata arrakala aztertzeko eskaera. Estatistikek bistakoa egin dute arrakala dagoela eta handia dela baina gure helburua atzean dauden arrazoietara jotzea da. Arrazoi hauek aztertu eta azalaraztea. Hori baita benetako neurriak hartzeko modu bakarra.

Horregatik Legebiltzarreko talde guztiei, alde batetik Jaurlaritzari azterketa hauetan laguntzea eta jasotzen ditugun emaitzak arrakalaren planean aintzat hartzea eskatzen diegu eta bestetik Lan Harremanetarako Kontseiluan burututako bilkurara eraman genituen aldarrikapenak bereak egitea:

• Confebaskeri enpresetan soldata arrakalaren ikerketa bermatu dezala. Azterketaren ondorioz arrakala gainditzeko egiten diren neurriak sustatzeko konpromisoa bereganatu dezala.
• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• Kontziliaziorako eta korresponsabilitaterako* benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak
• Zaintzarako sistema publikoa
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko bermatuko diren neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak
• Haur eskolak doakoak izan daitezela
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.

Aldarrikapen hauek guztiz baliagarriak dira arrakalaren kontrako ekintza plan bat egingo bada. Legebiltzarreko talde guztiei eskatzen diegu soldata arrakalaren eztabaidan sakontzea, arrakalaren atzean dauden arrazoiak zeintzuk diren azalaraztea eta instituzioetatik arrakala gainditzeko borrokan urrats eraginkorrak ematea. Beraien esku dago arrakalaren auziari dagokion dimentsio politikoa ematea eta borroka honetan konpromisoak hartzea ekimen instituzional eraginkorrak bultzatuz. LAB prest dago benetako bidea bat egin dezagun elkarlanean aritzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.