2024-11-25
HomeEkintza SindikalaCasillako kiroldegiaren proiektua beste behin ere pribatizazioaren bidetik egingo dela salatzen dugu

Casillako kiroldegiaren proiektua beste behin ere pribatizazioaren bidetik egingo dela salatzen dugu

Bilboko Udalak La Casillako kirol-ekipamendu berriaren proiektua idazteko, obra zuzentzeko, gauzatzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta ustiatzeko obra-emakidaren kontratuaren lizitazioa iragarri du gaur udal-webgunean, Gobernu Batzarrak atzo onartu zuela iragarriz.

Bitxia da, behinik behin, lizitazioaren deskripzio dokumentuan udalak berak onartzen duela La Casillako pabiloia udalaren ekipamendua dela esklusiboki eta, aldi berean, udal honek eta bere gobernu-taldeak berriro egin izana kudeaketa esku pribatuen esku uzteko apustua.

Udalak ez du ezer aipatzen proiektu berri honetan eta bertan aurrera eramango den kirol- eta aisialdi-eskaintza guztirako nahiz bestelako jarduera osagarrietarako beharrezkoak izango diren langileen kopuruari buruz. Baina LABeko sail sindikalak aurreikusten du isiltasun horrek esan nahi duela, berriro ere, udal honek aukera galduko duela kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko enplegatu publikoen bitartez. Udal zerbitzu baten kudeaketa zuzena aukeratu beharrean, berriz ere udalak kanpora ateratzen du zerbitzu publiko bat.

Udalak, gainera, obra-emakida hori 40 urterako egin nahi du. Hurrengo lau hamarkadetarako zerbitzu baten balizko publifikazioa hipotekatzea dakar horrek, eta murriztu egiten du etorkizunean ekipamendu horretarako enplegu publikoa sortzeko aukera.

LAB aspalditik ari da salatzen EAJk eta PSEk osatutako gobernu-talde honek zerbitzu publikoak pribatizatzeko duen joera. Bada, azken erabaki honekin muga guztiak gainditu ditu. Udal anbulantzia kentzen hasi ziren, eta ezin hobeto funtzionatzen zuen zerbitzu publiko bat itxi zuten, zerbitzuan 40 minutura arteko atzerapenak ekarriko zituen beste bat ezartzeko.

Esperantza pilotalekuaren kudeaketa pribatizatu dute, bertan zerbitzu berritzailea eskainiko dela argudiatuz, baina pleguetan identifikatzen diren lanpostuak Udaleko Lanpostuen Zerrendan badaude eta, beraz, udal langileek bete zitzaketen. Hauteskunde-guneak prestatzeko zerbitzua azpikontratatzen dute, orain arte lan horretarako beti deitu izan zaienean ofizioetako ofizialen poltsako pertsonei.

Adibide horiez gain, hortxe dago etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren edo BilboBusen zuzeneko kudeaketara itzultzeko aukera galdua.


Bilboko Udaleko LABek berriro salatzen du gobernu-talde honen pribatizatzeko joera, eta berriro eskatzen dio erabaki horiek baztertzeko eta kalitatezko eta kudeaketa propioko zerbitzu publikoen alde egiteko

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.