2024-11-23
HomeEkintza SozialaEgoera zaurgarrian dauden herritarren artean igo da langabezia

Egoera zaurgarrian dauden herritarren artean igo da langabezia

135.379 pertsonak ez dute lanik Hego Euskal Herrian, aurreko urteko epealdi berean baino herritar gehiago dagoelarik langabezian. Pasa den hilabetearekin alderatuz, ordea, 735 langabetu gutxiago daude, ziurrenik turismo-kanpainaren ondorioz.

Egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan egin du gora langabeziak pasa den urtearekin alderatuz:

  • •25 urtetik beherakoen artean, langabeziak gorakada nabarmena izan du, %7,86 igo da.
  • •Azken urtearekin alderatuz, gizon eta emakumeen* artean langabeziak gora egin arren, azken hilabetean emakumeen* artean egin du gora, bereziki 25 urtetik beherako emakumeen* artean (%2 pasata egin du gora).
  • •Langile migratuen artean ere langabeziak gora egin du azken urtean modu nabarmenean (1.720 langabetu gehiago), bereziki zerbitzuen sektorean eta aurreko enplegurik gabekoen artean.
  • •Aurreko enplegurik gabekoen artean langabeziak gora egin du azken urtean. Ekainean erregistraturiko langabeen %13,01 dira talde horretakoak.
  • Afiliazioak errekor berria du Hego Euskal Herrian (1.064.337). Zentzu honetan, afiliazioak gora egiteak lanean jende gehiago dagoela adierazten du. Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuei erreparatuz gero, aktibo gehiago daude, hau da, lan egiteko tenorean gero eta herritar gehiago daude. Lan merkatuan aktibo dauden herritar guztiei enplegua bermatu ezin zaienean, langabeziak gora egiten du.
  • Hego Euskal Herrian, egoera zaurgarrian daudenak (emakumeak*, gazteak, migranteak…) dira lan merkatura batzen ari direnak. Hau da, inaktibo egoera batetik (etxeko lanetara emanda zeuden emakumeak*, ikasleak, ezkutuko zaintza lan merkatuan zeudenak…) aktibo egoera baterako igarobidea egiten ari dira gero eta herritar gehiago, afiliazioa handituz. Bizitzaren garestitzearen ondorioz, eta ziurrenik bizi unitatearen egoerak behartuta, lan merkatutik kanpo zeuden herritarrak ari dira igarobidea egiten. Lan merkatua, ordea, ez da gai denei enplegua bermatzeko eta horrek langabeziaren gorakada ekarri du. Era berean, lan merkaturako igarobidea egiten ari diren herritar hauek aurreko enplegurik gabekoen multzoa handitu dute, ekainean langabeen %13,01 zirelarik.
  • Pasa den hilabetean, erregimen orokorreko afiliazioaren %73,24 zerbitzuen sektorean izena emanda zegoen. Sektore guztietako afiliazioak gora egin arren, azken urtean zerbitzuak sektoreak izaniko gorakada azpimarratu beharra dago, %4,08 igo baita. Datu honek adierazten digu herritarrek zerbitzuen sektorean lan egiteko aukera handiagoak ikusten dituztela.

  • Sortzen ari den enpleguaren kalitatean arreta jarri beharra dago, lan baldintza prekario zein ezegonkorrak egiturazkoak baitira eta udaldian egoera honek okerrera egiten baitu.
    •Kontratu motari erreparatuz gero, behin-behinekotasuna igotzen ari da. Ekainean zehar 6.555 kontratu gutxiago sinatu ziren pasa den urteko ekainarekin alderatuta, eta sinatu direnen %78,63 behin-behinekoak izan ziren.
    •7.815 aldizkako finko gutxiago daude, pasa den hilabetean baino %18,50 gutxiago. Murriztu diren kontratuen artean, %78,43 emakumezkoei* dagokie. Pasa den urtean bezala, aldizkako kontratu finkoak udaldian eten egiten dira, modu nabarmenean sektore feminizatuetan (jantokietako hezitzaileak, ikastetxeetako garbitzaileak…).
    •Emakumeen* artean %25,7 lanaldi partzialean dago, gizonen artean %11,2 dagoen bitartean. Aldiz, jardunaldi osoarekin alderantzizko egoera gertatzen da (emakumeen* %57,7 eta gizonen %78,6).
  • Lan merkatuan prekaritatea zein ezegonkortasuna egiturazkoak dira, bereziki egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen artean. Horregatik, LAB sindikatuak egoera hori iraul dadin lanean jarraituko du dagokion esparru guztietan: lan zentroetan, kalean zein
    instituzioetan. Horrela, egoera honen arduradun zuzen diren patronal zein instituzioak interpelatuko ditu. Ezinbestean, herritarren lan eta bizi baldintzak erdigunera ekartzeko unea da, eta horrela galdegin dio sindikatuak Eusko Jaurlaritza berriari ere aste honetan bertan. Bide horretan ezinbestekoa izanen da aberastasuna birbanatzeko soldatak duintzea eta zerbitzu publikoak indartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.