Ricardo Peñaren kudeaketa negargarriaren ostean, PNVk izendatutako kudeatzaile berriak, portuko zein langileon egoera penagarriari entzungor eginda, aurrekoaren nagusikeria berdinarekin egin du harrera. Hain justu, portuak behar duenaren kontrako jarrera erakusten du. LABek behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela portuko eragile ezberdinen arteko elkarrizketa, lan baldintza duinak errespeturik eta noski, ordezkaritza sindikalarekin harremanak eginik.
Pasaiako Portuko LABeko Sail Sindikalak, Estatuko Portuak, 2017an Pasaiako Porturako onartutako eskaintza publikoa (Erosketa eta Portu Zerbitzuetan 3 lan postu finko) bertan behera utzi izana salatu nahi du.
2017ko abenduan tribunala eratu zen eta dagoeneko publiko egin da deialdia. Batetik, otsailaren 9an PPAko webgunean eta bestetik, otsailaren 11ean 3 prentsa ezberdinetan. Gainera, dagoeneko dozenaka pertsona apuntatu dira.
2018ko Otsailaren 20ean, PPAko lehendakari berriak, Felix Garciandiak, langile eta portuko eragileen aurrean oraindik aurkeztu ez denak, bere lehen ebazpena sinatu du: ezarritako baldintza oro betetzen dituen 3 lan postuen eskaintza deuseztatzea.