2024-06-30
HomeEkintza SindikalaEnplegu Zentro Berezietan abian jarriko dugun borroka ildoa aurkeztu dugu, eskubideak, erabakimena...

Enplegu Zentro Berezietan abian jarriko dugun borroka ildoa aurkeztu dugu, eskubideak, erabakimena eta aitortza eskuratzea helburu izango duena

Kolektibo honetako 10.000 langile baino gehiago daude gaur egun Hego Euskal Herrian, eta sindikatutik hitzarmen propioak bultzatuko ditugu EAEn eta Nafarroan, politika baztertzaileak salatu eta lan-baldintzetan aurrera egiteko asmoz borroka egiteko konpromisoa hartu dugularik. Delegatuen batzarra egin dugu gaur Altsasun.

30 urte baino gehiago dira Enplegu Zentro Bereziak martxan daudela, nahiz eta, LABek salatu bezala, hainbat erakundek, gaur egun oraindik, pentsatzen duten langile-taldetxo soil bat baino ez garela, eremu txikietan balio erantsi txikiko lanak egiten ari garena. Baina egungo errealitatea bestelakoa da. 10.000 langile baino gehiago gara Hego Euskal Herrian. Zerbitzuen, garbiketaren, lorategien, ostalaritzaren, arretaren eta zaintzaren sektorean ari gara, hainbat lan-sektoretako kide gara, eta Enplegu Zentro Bereziak osatzen dituzten ehunka enpresatan gaude, administrazio publikoek finantzatuta eta enpresa pribatuek eta elkarte autonomoek kudeatuta. Langile indar handia gara, beraz.

Hainbat lege, errege-dekretu eta arauk baztertutako eta diskriminatutako langileak gara, ordea. Eskubiderik gabeko langileak, prekarizatuta lan egitera beharturik gaudenak.

LAB sindikatuan antolatutako lankideok urteak daramatzagu aldarrikatzen eskubide osoko langileak garela. Enpresa horietara iristen den diru publikoaren kontrola ez ezik, enpresa horien guztien barne-funtzionamenduaren kontrola egon dadin ere eskatzen dugu. Izan ere, erakundeak lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherako ordainsariak, behin-behinekotasuna, gehiegizko produkzio-erritmoak eta ohiko enplegua lortzeko zailtasunak ahalbidetzen ari dira. Eta ez hori bakarrik: enpresek arriskuen prebentzioaren gainean duten erabateko jarrera axolagabea ahalbidetzen dute instituzioek. Horren ondorioz, beharginon osasun fisiko eta psikologikoa kaltetzen da, etengabe.

Hori guztia aintzat hartuta, LABen datorren ikasturtera begira landuko ditugun ekintza-ildoak aurkeztu ditugu:

– Sektorerako hitzarmen propio baten negoziazioa bultzatuko dugu EAEn eta Nafarroan. Elkarrizketa mahai serio bat eskatuko dugu, sektore horretan integrazio erreala eta ez-baztertzailea lortzeko, eta, horrela, etorkizuneko bidea landu eta gauzatu ahal izateko. Beharrezko urratsak emango ditugu sektoreari loturiko patronalak deitzeko eta hemen, Euskal Herrian, lan baldintzak negoziatzeko.

– Prekaritatera bultzatzen duten politika baztertzaile guztiak salatuko ditugu, lan arrunterako benetako trantsiziorako proposamenak sustatuz.

– Beste sektore batzuetako enpresa nagusietan aniztasun funtzionala duten milaka langileren lan baldintzak hobetzeko proposamenak defendatuko ditu, lan bera soldata berdinarekin eta baldintza berberetan egitea eskatuz.

Enplegu zentro berezietako LAB sindikatuko ordezkariek ohartarazi dute gure borrokak enpresa eta/edo erakunde guztien aurrera helaraziko ditugula. Klase politikoaren eta enpresarien entzungorkeriaren gainetik, era antolatuan, aniztasun funtzionaleko eta prekarizatutako langileen defentsan, gure ahotsa altxatuko dugu behar den leku eta eremu guztietan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.