2024-11-22
HomeEmakumeakMartxoak 8Enpresetara joko dugu soldata arrakalaren azterketa egin dezaten, diskriminazio egoerak zuzentzeko

Enpresetara joko dugu soldata arrakalaren azterketa egin dezaten, diskriminazio egoerak zuzentzeko

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, soldata arrakalari aurre egiteko esku artean ditugun ekimenen berri emateko. Hain zuzen ere, ostegunean, soldata arrakalaren aurkako egunean, enpresatan proposamen bat erregistratuko dugu, non soldata arrakalaren azterketa egitea eskatuko diegun enpresei eurei. Egoeraren azterketa egin ondoren, diskriminazio egoerak zuzentzeko proposamenak egingo dizkiegu enpresei, baita instituzioei ere. 

Enpresek egin beharko duten azterketan ezaugarri hauek hartu beharko dituzte kontutan: enpresako lanak nola antolatzen dituzten sexuen arabera, gizonen soldataren batez bestekoa eta emakumeena, zein kontziliazio neurri eta nortzuk eskatzen dituzten, zenzendaritza karguetan zenbat emakume eta zenbat gizon dauden eta kontrataziorako eta promoziorako sistemak, besteak beste.

Gaurko agerraldian bertan, txosten bat aurkeztu dugu soldata arrakalari buruz. Garbiñe Aranburuk azterketa hori aipatu du, egunerokoaz gain, errealitatearen erradiografia egiteko: “Aurkeztu dugun txostenak eta ematen diren bestelako diskriminazio egoera batzuek ere argi utzi dute berdintasunaren aldeko politika publikoen porrota. Instituzioen lehentasunen artean egon beharko luke berdintasunaren aldeko politikak sustatzea”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “LABek bere lehentasunen artean kokatu du soldata arrakalari aurre egitea. Urteak daramagu azterketa espezifikoak egiten eta aurten urrats bat harago joatea erabaki dugu”.

Elixabete Etxeberriak martxoaren 8an deitutako greba feminista ekarri du gogora, eta greba hori egiteko arrazoiak soberan daudela nabarmendu du: soldata arrakalaren arazoa, tarteko. “Oraindik ere, gaur egun, guk, emakumeok, lan munduan diskriminazio ugari pairatzen ditugu: lanaldi partzialak, soldata arrakala, jazarpen sexuala, lanaldi murriztutak, aldi baterako kontratuak, sexu araberako lan banaketa, kontziliazio neurri eskasak, prekarizazioa, zaintza lana ikustezinak, feminizatuak eta pribatizatuak, etxeko langileen egoera onartezina, autonomo faltsuak, erabat prekarizatuta emakume pentsionistak, eskubiderik gabeko emakume migranteak…”, zerrendatu du.

Bilerara, gure proposamenarekin
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Departamentuak bilera bat egingo du asteazkenean, soldata arrakala hizpide, eta LAB gonbidatu du. Gonbidapen horri buruz ere hitz egin du Garbiñe Aranburuk: "Soldata diskriminazioaren arazoa eztabaida sozialean kokatzea lortu da. Orain arte, Lan eta Justizia Sailaren aldetik ez da inolako lanketarik egon gai honetan, eta justu bilera deialdia soldata arrakalaren kontrako egunaren bezperan izateari oportunista deritzogu. Argazkia bilatzen da, eta bilera horri ez diogu inolako ibilbiderik ikusten. Baina, soldata arrakalarekin amaitzeko proposamenak baditugu. Hala, bilerara joango gara eta proposamen horiek eramango ditugu”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “LABentzat irtenbidea ez dago horrelako mahai antzuetan, baizik eta aktibazioan eta mobilizazioan. Horregatik, egun horretan bertan ere gure aldarrikapenak egiteko aprobetxatuko dugu kalean. Horregatik, martxoaren 8an, emakumeak sistemaren porrota irudikatzeko planto egitera deitzen ditugu. Emakumeak jendartearen erdia gara eta ezinbestekoak gara sistema honek funtzionatu dezan. Martxoaren 8ko planto egunarekin irudikatu nahi duguna da, gure lanik gabe, sistema honek porrot egiten duela”.

Hain justu, Elixabete Etxeberriak azaldu bezala, “sistemaren bidegabekeria guztiak azalarazteko eta dena gelditzeko lau ardatz izango ditu martxoaren 8ko grebak: kontsumo greba, zaintza lanen greba, hezkuntza greba eta lan munduko greba.

7.680 euro gutxiago urtean
Agerraldian aurkeztu dugun txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten: gizon eta emakumeen arteko soldata desberdintasuna lan munduan ematen den diskriminazio nabarmenena da. Izan ere, Hego Euskal Herrian, emakumeek gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen dute urtean. Beraz, emakumeen soldata %33,6 handitu beharko litzateke, gizonenarekin parekatzeko.

Soldata arrakala egoteko hainbat arrazoi daude. Zuzeneko dikriminazio egoerak tartean dira, hau da, lan beragatik soldata desberdina aplikatzea. Zeharkako egoerak ere badaude, hauek legalak. Lan berari ezin zaio soldata desberdina ordaindu, baina enpresa batzuetan egiten da, zenbait trikimailu erabilita.

Lanbideen segregazioa, sektore feminizatutako enpleguari balio sozial txikiagoa emateao, lanaldi partzialak, zaintza lanen ardura emakumeongan geratzea, kontziliazio politiken porrota korrespontsabilitatea ez delako lantzen… hauek dira zeharkako diskriminazioa egoteko ematen diren ezaugarrietako batzuk.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.