Ekainaren 19an, Microliquid-eko (TE Connectivity) zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi zion EEE edo kaleratze kolektibo bat aplikatzeko asmoa zuela, hogei bat langileri eragingo ziena, krisi-egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin. LABeko ordezkariek osatzen dute aipatu enpresa-batzordea bere osotasunean.
Neurri horren aurrean, enpresa batzordeak adierazi nahi du oraindik ez duela jaso kaleratze kolektiboak eragingo dien langileen zerrendarik. Gainera, ez ditu jaso EEEa aplikatzeak ekarriko lituzkeen aurrezkiaren zenbatespenak, partidatan banatuta. Informazio hau garrantzitsua da neurria proportzionala den egiaztatzeko. Gainera, 2023ra arteko fakturazioak bilakaera positiboa izan du enpresan eta emaitza garbia eta EBITDA hobetu egin dira azken bi urteetan. Azken finean, jarduera errentagarria da.
Enpresak 2024rako aurreikuspen negatiboak aurkeztu ditu fakturazioari, EBITDAri eta ustiapenaren emaitzari dagokienez, baina ez du justifikatzen jaitsiera horren arrazoia. 2024rako aurreikusitako emaitza garbia ere ez du eman.
Gainera, enpresa batzordeak salatzen du 2023ko kontuak falta direla (balantzea, irabazi eta galeren kontua eta memoria). Dokumentazio hori garrantzitsua eta beharrezkoa da, ekoizpenaren eta, oro har, jarduera ekonomikoaren bilakaera egiaztatzeko.
Azken hiru hiruhilekoen kontabilitate-itxiera eta aurreko ekitaldiko itxierak ere falta dira. Ez da justifikatzen salmenten murriztea. Enpresak 2024ko fakturazio-jaitsiera aipatzen du, 2023koa erreferentziatzat hartuta, baina ez du agiri bidez justifikatzen. Gainera, enpresak ez dio batzordeari justifikatu 2023tik 2024ra bitartean langile-gastua igo izana.
Enpresak ez dio uko egiten langile berriak kontratatzeari, egungo taldean ez dauden beharrak betetzeko beharra
argudiatuz, eta ez dio erantzun argigarririk eman TE Connectivity-n birkokatzeko planteamenduari.
Enpresa batzordea Microliquid-eko zuzendaritzaren asmoen aurka agertu da, eta prozesua geldiarazteko eta erretiratzeko eskatu dio, are gehiago negoziazio-batzordearen zati handi bat oporretan dagoenean. Era berean, prest dago lanpostuak suntsitzea suposatuko ez duen ordezko neurri batzuk baloratzeko, baina ez du inola ere onartuko nahitaezko kaleratzeak jasotzen dituen planik
Hori dela eta, batzar baterako deia egiten die Microliquid-eko langileei, enpresaren instalazioetan egingo dena, ekainaren 25ean, 16:00etan. Bertan greba eta mobilizazio egutegi bat proposatuko da, eta bozketa egingo da,
berau onartu edo baztertzeko.