Ekaina amaitzen ari den honetan, Nafarroako 0-3 zikloko sindikatuok (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) pentsatzen dugu 2 urtekoen ikasgeletako proiektu pilotuaren inguruan ezinbesteko gaiak erantzun gabe daudela oraindik, kontratatuko diren sektoreko langileei zuzenean eragiten dietenak.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eta 0-3 zerbitzuaren utzikeria erabatekoa da. Gure ustez, plangintzarik eza eta, batez ere, langileekiko (kontratatutako pertsonak, ikastetxeetako zuzendaritzak) eta familiekiko erantzukizunik eza azpimarratu behar dira.
Berriz ere salatzekoa da Departamentu honen gardentasun eta informazio falta. Proiektu hori alde bakarretik ezarri dute zenbait eskolatan, eta abian jartzeko orduan langileak eta ikastetxeetako zuzendaritzak bakarrik uzten ari dira, ikasturtea ziurgabetasun handiarekin hasiko dutenak. Hala, sindikatuok proiektu pilotu honen jarraipen estua eginen dugu ziurtatzeko gauzak behar bezala egiten dituztela.