Iragan ortziralean Nafarroako Estatistika Institutuak Etxebizitza alokatzeari buruzko estatistika argitaratu zuen. LAB sindikatuaren iritziz, ikerketa horrek berresten du merkatuak ez duela alokairuaren prezioa behar bezala erregulatzen eta premiazkoa dela lege eta administrazio neurriak hartzea. Azterlan horren arabera, alokairuaren hileko batez bertzeko prezioa 541,6 eurokoa da, baina azterketak berak onartzen du datu horrek ez duela islatzen alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko prezio erreala, etxebizitza librearen prezioa askoz ere garestiagoa baita.
Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratu duen azterlanak kontuan hartu ditu, hileko batez bertzeko prezioaren kalkulua egiterakoan, duela urte batzuk sinatutako kontratuen prezioa eta alokairuko etxebizitza babestuaren kostua. Baina gauza jakina da, eta azterlanak berak aitortzen du, etxebizitza librearen alokairuaren prezioa hagitzez ere garestiagoa dela, eta Nafarroako soldatapeko gehienendako eskuraezin bihurtzeraino iristen dela, soldata erdia baino gehiago bideratu behar baitu etxebizitza bat eskuratzeko.
LABeko kideok salatu nahi dugu gaur egun langile klasearen soldata sarrerei eraso onartezin bat egiten ari zaiela, haien pobretze prozesua azkartzen duena. Ildo horretan, gogorarazi behar da soldatak KPIaren azpitik hazten ari direla, baina oraindik ez dutela mugatu alokairuen prezioaren igoera progresiboa (aurreko urtean baino %6 gehiago).
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskatzen diegu, herritar guztiei etxebizitza duina izateko eskubidea bermatze aldera, ez dezatela gehiago gibelatu erabaki politikoak hartzeko unea. Erregulazio handiagoa eta bultzada publiko handiagoa nahitaezkoak dira higiezinen lobbyari aurre egiteko, gure lurraldean alokairuaren kostu lotsagabeari aurre egiteko.